Europako Batzordeak goxoki txiki bat eskaini nahi die asteburuan finantza sektorearen nagusitasuna eta inpunitatea salatu duten milaka europarrei. Etzi, erantzukizun penala eskatuko du merkatuetan informazioa gehiegikeriaz baliatzen dutenentzat, hau da, espetxe zigorra ezartzea «kasu larrienentzat».
Kaleetako protestak eta Bruselak proposatzen dutena berdina ez den arren, biak lotzeko saioa egin zuen atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. «Europako eta beste lurraldeetako hainbeste herritarren etsipena eta haserrea ulertzen ditut», esan du Durao Barrosok. «ez dugu ezer finantza sektorearen aurka, indartsua izan dadila nahi dugu Europako ekonomiaren onerako», baina sektore horrek «arau etiko batzuk errespetatu behar ditug, eta ez da hala gertatu».
Batzordeko buruaren arabera, EBko buruzagiek «erantzun zehatza eman behar dutela, mezua ulertu» dutela argi uzteko. Ildo horretan, Lisboako Itunak eskumena onartzen dionez, etzi proposatuko du «merkatuetan gehiegikeriak» egiten dituztenek kartzela zigorra jaso ahal izatea. Hamahiru estatukidek dagoeneko aurreikusten dituzte erantzukizun penalak, baina beste hainbatek ez.
Herrialdez herrialde lege desberdinak daudenez, Bruselak uste du arau hausleek badutela aukera haien aurkako zigor arinenak dituzten estatukideetan babesteko.
Burtsako jokabideak ez ezik, beste merkatuetakoak ere jazarri nahi ditu Europako Batzordeak, hala nola deribatuena, lehengaiena edo zor publikoarena.
Espetxe zigorra merkatuetako delituentzat
Barrosok ziurtatu du ulertzen duela herritarrek finantza sistema dela-eta duten «etsipena eta haserrea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu