Portugalgo banku handienetako bat zen Espirito Santoren gainbeherak larrialdi neurriak harrazi die Portugalgo Bankuko arduradunei. Hura nazionalizatu beharrik ez izateko, ordea, aktibo onak eta toxikoak banatzea erabaki dute. Lehenengoekin sortu dute Novo Banco deitu dutena, zeinak akziodun bakarra izango duen, Erresoluzio Funtsa. Portugalgo Bankuko buru Carlos Costak azaldu duenez, banketxe berria sortzeak "ez du inolako kosturik izango zerga ordaintzaileentzat".
Dena den, Espirito Santo bankua ez da desagertuko, hark kudeatu beharko baititu aktibo toxikoak deritzonak. Era horretan, gobernuak hura nazionalizatu beharra saihestuko du.
Hala ere, Portugalgo Gobernuak ez du nahikoa diru prozesu osoa finantzatzeko, eta, beraz, Europako Batasunaren finantza laguntzaren beharra izango du. Hark 12.000 milioi euro emango lizkioke, baina horrek esan nahiko luke gizarteari legokiokeela mailegua itzultzea. Hori salatu du, bederen, oposizioak. Aldiz, Gobernuak dio mailegua banku berriaren irabaziekin ordainduko dutela eta, beraz, ez duela kostu gehigarririk izango gizartearentzat.