Hona taldearen eta bankuaren inguruko zertzelada batzuk:
Nondik datorkio izena?
Sortzailearen abizenari zor dio. 1850ean, Lisboako Fieles de Dios kalean haur jaioberri bat utzi zuten, eta Jose Maria Espirito Santo Silva izena jarri zioten.
Nola sortu zen taldea?
Jose Maria Espirito Santok loteria etxe bat ireki zuen 19 urte zituenean, Lisboan. Loteria saltzeaz gain, dirua trukatzen eta akzioak salerosten zituen. Denborarekin loteria etxe gehiago ireki zituen, batik bat Espainiako hainbat hiritan. Euskal Herrira ere ailegatu zen:Iruñean etxe bat ireki zuen. 1915ean hil zen Jose Maria Espirito Santo. Heriotza dinastia baten hasiera baino ez zen izan.
Noiz sortu zen bankua?
Espirito Santoren oinordekoek haren enpresak zatikatu zituzten, eta Casa Bancaria Espirito Santo Silva bankua sortu zuten 1920an. Denborarekin Banco Espirito Santo izena hartu zuen. Mende erdian, mundu osoan hainbat banku eta partaidetza erosi zituen Erresuma Batuan, AEBetan eta Angolan. 1974ko militarren estatu kolpearekin jaso zuen lehen kolpea.
Zer gertatu zen?
Militarrek Espirito familiako hainbat kide atxilotu zituzten, eta taldeko hainbat enpresa nazionalizatu zituzten. Europako eta AEBetako beste hainbat dinastia esanguratsuk —Rothschild, Rockefeller, Agnelli... —lagundu egin zieten berriro inperioa altxatzen.
Berreskuratu al zituzten enpresak?
Diktadura amaituta, parlamentuak nazionalizazioak babestu zituen, baina 1989an, herrialdeak urteen poderioz bilakaera politiko eta ekonomiko bat izan zuelako, bankuaren kontrola itzuli zion sendiari.
Istiluak al daude familian?
Bai. Dinastiaren buru nagusiak, Ricardo Salgado eta Jose Maria Ricciardi, lehengusuak dira. Ricciardik bankuaren gidaritza hartu nahi izan du, eta gatazka eragin. Orain, biek kontrol guztia galdu dute.
ESPIRITO SANTO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu