Enpresak, nazioarteko portu seguruen bila

Geopolitika nahasiak bultzatuta, enpresek gero eta zailtasun gehiago nabari dituzte kanpoan negozioak egiten jarraitzeko. Trumpen muga zergek egoera nahastu dute.

Kargaontzi bat Bilboko portuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Kargaontzi bat Bilboko portuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2025eko uztailaren 11
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundua ez dago ongi, eta begiratzen den tokira begiratzen dela ikus daitezke gatazkak nonahi. Horren adierazle lazgarrienak, gerrak eta hildakoak. Egoera geopolitiko ezegonkor eta nahasiak, halaber, enpresa askoren begirada ere baldintzatu du, nazioartean negozioak dituztenena bereziki.

Donald Trump AEBetako presidenteak muga zergen inguruan aplikatutako politikaren ondorioz, areagotu egin da enpresen ziurgabetasuna, eta orain haiek arrisku gehiago ikusten dituzte kanpoan negozioak egiten jarraitzeko. «Duela urte gutxi, enpresek merkatu errentagarrienetan ekoizten zituzten produktuak, baina orain kontu ugari daude lehen kontuan hartzen ez zirenak, eta enpresek segurtasuna ere eduki nahi dute», azaldu du Ricardo Santamaria CESCE Esportaziorako Kredituen Aseguruko Espainiako Konpainiako arrisku zuzendariak.

Aste honetan Donostian izan da Santamaria, EHUren Udako Ikastaroetan. Harekin batera Javier Zubia Gipuzkoako Merkataritza Ganberako idazkari nagusia mintzatu da. Santamariak egoera geopolitiko globala aztertu du, eta Zubia Gipuzkoako enpresek horren harira dituzten arrisku eta aukerez aritu da. Ateratako ondorio nagusia? Aspaldiko ezagun bat: krisiek aukera berriak sortzen dituztela.

Bi adituek azpimarratu dutenez, nazioartean negozioa egiten duten enpresek jabetuta egon behar dute mugaz gaindi gertatzen ari denaz. Ez da lan erraza, ziurgabetasuna handia baita. Izan ere, aldaketa geoekonomiko handi bat gertatzen ari da, Santamariaren arabera. Lehen, AEBek hegemonia osoa zuten, baina azken urteetan Txina indar handiz batu zaie lehiara, eta norgehiagokan ari dira orain. Mundu bipolarrera edo multipolarrera heldu garela azaldu du, eta hori «desglobalizazioa eta protekzionismoa» bultzatzen ari dela. Haren iritzian, Trumpen muga zergen politika da horren erakusle behinena. «Txinak hamarkadetan egin duena denbora gutxian egin nahi dute AEBek orain». 

«Txinak hamarkadetan egin duena denbora gutxian egin nahi dute AEBek»

RICARDO SANTAMARIA CESCEko arrisku zuzendaria

Faktore asko daude Txinaren eta AEBen arteko lehian, Santamariaren arabera. Txinaren esportazioen %15 doaz AEBetara. Baina Trumpek ikusi du ezin izan dizkiola nola edo hala muga zergak ezarri Txinari. CESCEko adituak esplikatu duenez, teknologia berriak ekoizteko beharrezko mineralak ditu Txinak, baita lur arraroen %80ren gaineko kontrola ere. «AEBek beharrezkoak dituzte horiek hegemoniari eutsi nahi badiote».

Etengabeko sokatira horretan, beste herrialde batek ere eragiten du kezka «izugarria»: Taiwanek. Santamariaren arabera, AEBek Taiwanekiko menpekotasun handia dute, baita akordio eta harreman historikoak ere. Bertatik ekartzen dituzte amerikarrek material erdieroaleak eta teknologiaren garapenerako funtsezkoak diren hainbat produktu. Horrek Txinaren, Errusiaren eta beste herrialde batzuen haserrea eragin du. «Taiwanen gerra bat abiatzea katastrofe ekonomikoa izango litzateke; soilik blokeoak COVIDak eragindakoaren antzeko krisialdi bat eragingo luke», ohartarazi du Santamariak.

Adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek CESCEko adituaren arabera. Jokaleku ekonomikoa xake partida baten modukoa da, non mugimendu bakoitzak eragin handia duen. Eta joko horretan Europa ez dago jada lehen mailan. «Europako Batasuna (EB) NATOren menpeko da erabat segurtasunean, industrian eta teknologian, besteak beste. Eta Europaren barruan Alemania da oraindik ere liderra, baina arazo handiak ditu». Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak erakutsi du Europaren ahulezia. 

Bertako enpresak nola dauden

Horiek horrela, enpresa denek ezingo dituzte «krisiek ematen dituzten aukerak» baliatu, baina askok bai. Hala ere, Santamariak ohartarazi du motelaldi ekonomikoa izango dela orain. Zer egin dezake orduan enpresa batek nazioartean? CESCEko arduradunaren arabera, sektore edo geografia seguruetan inbertitu. Segurtasuna jarri errentagarritasunaren aurretik.

Santamariak aukera onak ikusten ditu Asiako merkatuetan eta Hego Amerikan. Bereziki aipatu du Argentinaren ekonomian %5eko gorakada aurreikusia dagoela hurrengo urterako, eta EBk eta Mercosurrek azkenean merkataritza libreko akordioa sinatzen badute horrek ere aukera handiak sortuko dituela.

«[Gipuzkoako] Enpresak gutxiago esportatzen ari dira Europara, eta merkatu berriak bilatzen hasi dira»

JAVIER ZUBIAGipuzkoako Merkataritza Ganberako idazkari nagusia

Bertako enpresak hasiak dira jada merkatu berriak bilatzen. Hala azaldu du Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendariak. Lurraldeko enpresen merkatu nagusia Europako Batasuna da oraindik ere, alde handiz gainera. Hain zuzen ere, esportazioen %66 bidaltzen dira hara, baina iaz baino %5 gutxiago da hori. «[Gipuzkoako] Enpresak gutxiago esportatzen ari dira Europara, eta merkatu berriak bilatzen hasi dira». Azken urteetan ahalegin berezia egin dute Asian, eta horiek esportazio guztien %11 dira jada, Ipar Amerikaren aurretik (%10, Mexiko kanpo). Latinoamerikara %9 esportatzen dute; Afrikara, %3, eta Ozeaniara, %1.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.