Raxoiren neurriak. Erantzuna

«Estatu kolpe sozial» baterako deia Hegoaldean, irailaren 26rako

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek greba orokorrera deitu duteEspainiako Gobernuaren neurriak Hego Euskal Herrian ez aplikatzeko eskatuko dute

Gehiengo sindikalak eta 50 gizarte eragiletako ordezkariek atzo Bilbon egindako agerraldia. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Lander Muñagorri-Miren Alustiza
2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren azken erreformek «neurri bereko erantzuna» izango dute. Arlo soziala «suntsitzen» dutela argudiatuta, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 50 eragile sozialek greba orokorrerako deia egin dute irailaren 26rako (asteazkena). «Gure interesak defendatzeko aliatuak bilatu ditugu», adierazi du Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak. Eta babes hori deitzaileen zerrenda luzean ikus daiteke. Krisia hasi zenetik egingo den bosgarren greba orokorra izango da. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren arabera, «horrek garbi erakusten du zein egoeratan gauden, eta gertatzen ari den guztia ez dugula onartzen». Kezkatzeko moduko egoeran gaudela azpimarratu du Muñozek, eta, horregatik, «estatu kolpe sozialaren tamainako ekintza demokratikora» deitu ditu herritarrak.

Deialdia aurkeztuta, «eragile guztiak» lanean ari dira lanuzterako deia ahalik eta handiena izan dadin. Greba orokorrarekin bat egiteko deia egin diete langabeei, oraindik lanpostua dutenei, langile publikoei eta, oro har, «eraso dieten talde guztiei». Grebak batez ere helburu bat dauka, Etxaiderentzat: «Erreforma Hego Euskal Herrian ez aplikatzea». Gizartea «aztoratzeko» neurria izango da, Muñozen arabera, erabaki organoetan dauden kideak «ahal bezainbeste gogaitarazteko». Beraz, orain arteko neurriei ezetz esateaz gain, hurrengoei ere aurre egiteko balioko du hurrengo greba orokorrak, sindikatuen esanetan.

«Neurri horiek ez dute krisitik irteten lagunduko», Etxaideren ustez. Greziaren bidetik jotzea leporatu dio Raxoiren gobernuari, han zein egoeratan dauden «begi bistakoa» bada ere. Hori dela eta, erreforma eta murrizketen bideak atzetik estatu erreforma bat dakarrela ohartarazi du. Herritarrak pobreziara bidali ordez alternatiba sozialak ezartzeko eskatu du: «Ezin da BEZa igo eta amnistia fiskala ezarri». LABeko idazkari nagusiak salatu du ez dela zilegi gobernu batek herritarrak «pobreziara zigortzea», noiz eta bizi-baldintza duinak bermatzeko «nahikoa» baliabide daudenean.

Jaurlaritza kritikatu dute

«Gizartea pobreziara» eramango duten neurri horiek ez ditu Espainiako Gobernuak bere kasara hartu, sindikatuen ustetan: «Eskatu diotena egin du gobernuak». Enpresariek eta bankuek eskatu diotena, haien iritziz. Muñozek salatu du neurriok herritarrak «oihaneko legean» bizitzera zigortuko dituztela, norberak identifikatu beharko baitu «etsaia» nor den. «Elkarrekin defendatzen eta euren lurraldea babesten jakin beharko dute», gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak hartutako jarrera ere kritikatu du Muñozek. «Erreforma horiei Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea erabateko arinkeria da». Ezer ez egitearen parekoa dela esan dio Patxi Lopez lehendakariari, «bai baitaki zein izango den errekurtso horren bidea». Etxaidek azaldu duenez, duela urtebete, Espainiako Konstituzioa erreformatu ondoren, «zorra ordaintzea eskubide sozialen gainetik jarri zuten, eta urte bat igaro ondoren bide berean jarraitzen dute».

Muñozek CCOO eta UGT sindikatuei ere dei egin die. Batasun sindikalaren alde daudela esan die, une honetan «inoiz baino beharrezkoagoa delako», aurrean «oso etsai indartsu bat» dutelako. Baina batasun sindikalak ez du «demagogikoa» izan behar. Izan ere, dilema baten erdian daudela uste du ELAko ordezkariak: «Hutsik dagoen elkarrizketa sozialari babesa ematen jarraitu behar dute? Edo gurekin bat egingo dute?». Galdera hori eginda, gogora ekarri du Galiziako CCOOk mahai guztietatik alde egin duela, eta berdin egin dezatela eskatu die Hego Euskal Herriko ordezkariei. Gezurtatu egin du, gainera, irailaren 26ko greba orokorreko deitzaile guztiak abertzaleak direla: «Gure artean abertzale ez diren elkarte eta sindikatuak daude».

Bihar, EH Bildu

Greba orokorraren deialdiarekin ados daude ELA eta LAB; ez, ordea, biharko Euskal Herria Bilduk egindako protesta deialdiarekin. ELAk aste honetan iragarri du ez diola babesik emango deialdi horri. Sindikatuak azaldu du ez duela onartuko alderdi politikoek gizartearen eta sindikatuen mugimendua «modu alderdikoian» erabiltzerik.

LABek, aldiz, bat egin du deialdiarekin. Etxaidek asteazkenean esan zuen «alternatiba erreal bat» proposatzen den bakoitzean kalean izango direla. EH Bilduk deitutako manifestazioa Bilbon izango da, Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa lelopean (Jesusen Bihotza, 17:30ean). Koalizioak uste du badela garaia «bankuen eta kapitalaren interesek gobernatzen duten Espainiarekiko menpekotasuna amaitzeko». Horrekin batera, salatu dute neurriek modu berezian «erasotzen» dietela «herritar xumeenei, langabeei, emakumeei, gazteei, pentsiodunei, menpekotasuna dutenei eta lan prekarioak dituzten herritarrei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.