Fagor Etxetresnak

Estatuaren abokatuak ez du nahi Fagorren Frantziako markak Cevital taldeari saltzea

Pedro Malagon Donostiako epaileak baimendu behar du 25 milioi euroren truke talde aljeriarrak Fagor Ireland marken gordailua erostea, baina estatuaren abokatuaren arrazoiak oso kontuan hartu beharko ditu aurrena, besteak beste, salmenta horrek "babesik gabe" uzten dituela euskal langileak.

xabier martin
2014ko martxoaren 12a
10:46
Entzun

Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatu behar zuela jakin zuenean iaz, Donostiako Merkataritza arloko titular Pedro Malagon epaileak pentsatuko zuen erronka handia zuela aurretik. Bada, tentsioa maila gorena jotzen ari da egunotan Estatuaren abokatuak Fagor Irelanden salmentaren kontra aurkeztutako helegitearen ondoren. 25 milioi euroren truke Cevital Aljeriako taldeak Fagorrek Frantzian dituen marken eskubideak nahi ditu. Kate baten lehenengo begia da. Aurrena, markak (De Dietrich, Sauter, Vedette, Brandt eta Easycook); gero, Frantziako bi lantegi (Orleans eta Vendome), eta haiekin batera 1.200 enpleguren salbazioa; eta, azkenik, Frantziakoak martxan jarri ondoren, Euskal Herriko aktiboak, Garagarza (Arrasate) eta Eskoriatza, beste 300 bat enplegu sortzeko. Haiengatik, gai tangibleak eta besteak, 2,5 milioi euro eskaini ditu Cevitalek, baina eskaintza hori dokumentu baten bidez lotu gabe. Poloniako Mastercooken ere 300 lanpostu salbatzeko aukera emango luke kate horrek, gainera.

Soka horren egokitasuna ez du argi ikusten Estatuaren abokatuak, ordea; sozietate publiko hainbatek emandako ia 20 milioi euroko zorraren zaintzailea da. Fagor Ireland  konpainiaren aktiborik baliotsuena dela dio, eta hura salduz gero, Frantziako lantegiak bai, baina Euskal Herrikoak ez dituela zertan erosi Cevitalek, nahiz eta konpromiso hori hartu duen. Legez, baina, ez dago dokumentu juridikorik Cevital lotzeko, eta Estatuaren abokatua ez da fio. "Babesik gabe" uzten ditu salmenta horrek hemengo hartzekodunak eta langileak, marken salneurria 25 milioi euro baino askoz gehiago dela uste baitu, eta orain saldu gabe likidazio fasean garestiago salduko litzatekeela uste baitu.

Malagon epaileak helegitea kontuan hartu eta salmenta galaraziko balu, ordea, Euskal Herriko bi lantegik berriro martxan jartzeko duten aukera botako luke. Poza putzura. Tentsioa ez da txikia erabakiaren aurrean. Edonola ere, nahiz eta azkenean salmenta baimendu, ematen du prozesua atzeratu egin daitekeela pixka bat, eta horrek eragin handia izan dezake lotzeko zain dagoen katean. Nanterreko epaitegiak (Frantzia) bihar zuen izendatua Vendome eta Orleanseko lantegiak (baita Frantziako beste aktibo batzuk ere) 100 milioi euroren truke saltzea baimentzen duen ala ez jakinarazteko. Donostian ez badute biharko argitzen marken salmenta, Nanterrek berriro atzera dezake erabakia, birritan egin duen bezala.

Poloniako adarraren arazoak

Estatuaren abokatuaren eskaera jaso aurretik, Poloniako hartzekodunena jaso zuen Malagon epaileak. Hango adarraren (Fagor Mastercook) konkurtsoa Poloniako epaitegi batek eramatea eskatu zuten sei bankuk. Eskari hori atzera bota du Malagonek, eta ebatzi du bera dela Fagor Mastercooken konkurtsoaren arduraduna. Donostiako epailearen arabera, Poloniako adarraren "interes nagusien gunea" Arrasaten dago, Fagor Etxetresnak baitzen jabe bakarra, eta Gipuzkoatik gidatzen zutelako Poloniako negozioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.