FUNTZIO PUBLIKOA

Estatuko funtzionarioek urtarrilean jasoko dute 2012ko aparteko sariaren laurdena

Eusko Jaurlaritza ere datorren urtean hasiko da Espainiako Gobernuaren aginduz kendutako saria itzultzen.

Iker Aranburu.
2014ko azaroaren 12a
09:37
Entzun

Bi urte baino gehiagoko atzerapenarekin jasoko dute 2012ko Gabonetako aparteko saria Espainiako administrazio zentraleko langile publikoek. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak gaur goizean iragarri du urtarrilean hasiko direla diru hori itzultzen, "ekonomiaren egoera hobea delako". Ez du, ordea, zor dien diru guztia itzuliko, aparteko sari horren laurdena besterik ez. Madrilek erabaki zuen 2012ko Gabonetako saria kentzea bere langileei ez ezik, baita beste administrazio publikoetakoei ere. Horietako batzuek, tartean Eusko Jaurlaritza, inposizio horren aurkako helegitea jarri zuten.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta beste euskal administrazio gehienek erabaki zuten beren langileei aparteko sariak aurreratzea. Horrela, 2012ko abenduan 2013ko uztaileko saria jaso zuten, 2013ko uztailean 2013ko abendukoa, eta horrela gaur arte. Orain, dinamika hori hautsi beharko dute. Jaurlaritzak 50 milioi euro jarri ditu 2015eko aurrekontuetan sari hori ordaintzeko, baina oraindik ez du esan zehazki noiz erabiliko duten.

Hauteskunde urtea da 2015a: udal eta autonomia erkidego gehienetako bozak daude maiatzean, eta Espainiako Gorteetakoak udazkenean. Bost urte daramatzate langile publikoek soldata igoerarik gabe. Berez, Mariano Rajoyk bere agintaldia amaituko du funtzionarioei beren saria inoiz igo gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.