«Estres kasuen %90 lanaren antolaketaren ondorioz gertatzen dira», dio Fernandesek. «Arazoa da enpresek gero eta lehiakorragoak izan behar dutela, eta, beraz, laneko baldintzak gutxiesten dituztela. Langileei gero eta gehiago galdetzen zaie. Laneko baldintzak txartzen ari dira eta estresa agertzen da». Estresa sortzen da norbaiti iruditzen zaionean ez dezakeela eskatzen zaion guztia egin.
Badira hamar urte baino gehiago estresa enpresako arrisku handien lerroan dagoela. Europako langileen herenek diote estresa jasaten dutela, laneko arrazoien ondorioz. Langileen erdiak urgentzian ari dira lanean. Langile anitz kexu da egiten ari diren lan bat bukatu gabe utzi eta aurreikusia ez zen beste bat eginarazten dietela, maiz. Lan erritmo astunagoaz gain, presio handia jasan behar dute, huts batek, batzuetan, ondorio larriak ukan baititzake.
NAGUSIEN ARDURA. «Enpresaburuaren lana da laneko baldintzak neurtzea», dio Didier Garrigues Departamenduko Lanaren Zuzendaritzako Baionako zuzendariak.«Langileari gehiegi eskatzen bazaio, ez du lan guztia eginen edo gaizki eginen du. Enpresaburuak neurtu behar du zer hein ez duen gainditu behar». Hein batetik goiti, lana gaizki egiteaz gain, estresa agertzen da. Hainbat eragile daude estresaren gibelean: lan karga handiegia edo apalegia, laneko antolaketa, ardura handiegiak, pertsonen arteko harreman zailak, prekarietatea edo segurtasunik eza, nagusi autokratikoak...
Estresak sufrimendu fisikoa edota psikikoa eragiten ditu. Batzuek irauten ahaleginduko dira, zailtasunak ez kontuan hartuz eta medikamentuak hartuz. Bestela, gaixoaldiak ugaritzen dira. Pertsonen arteko tentsioa eta gatazkak hazten dira. Estresa daukanak zailtasunak ditu gauzak gibelapenarekin eta lasaitasunez hartzeko, psikologoen arabera.
«Enpresaburuari dagokio langilearen osasun mentala eta fisikoa babestea», gehitu du Tony Fernandesek. «Bizi ahal izateko lan egiten dugu. Baina langile batek ez badu gehiago lanera joan nahi, lanean tentsio giroa dagoelako, bere arduradunak gehiegi exijitzen diolako, bazkaltzeko astirik ere uzten ez diotelako, orduan laneko osasun arazo bat bada».
Diru gehiago irabazteko lan gehiago egiteko aukera proposatzea kritikatu du Fernandesek. «Hori proposatzen dute, baina ez dute deus aipatzen laneko baldintzen hobetzeko».
«Hirugarren sektorea da estresak gero eta gehiago jotzen duena», Tony Fernandesen arabera. Zerbitzuetan anitz nabaritzen da. Bankuetan adibidez. «Zuzendaritzak ez du deus egiten leihatilako langileak babesteko. Leihatiletako langileek bezeroen jazarpena jasaten dute maiz. Eta nagusiak erraten die lanaren arriskuaren barne direla jazarpen horiek».
ESTRESAREN LABORATEGIA. Psikologo eta sindikatu batzuek salatu dute azkenaldian estresa murriztea bilatu ordez, nagusiek estresari buru egiteko gaitasuna duten langileak bilatzen dituztela. «Izaera mota berri bat sortzen da, horrela. Ematen du estresa kudeatzen dakiten langile oso eraginkorren bila dabiltzala. Horrek oldarkortasuna hazten du. Zuzenagoa da, gogorragoa, autoritarioagoa. Baina orduan, zein da besteen lekua? Ez badugu lan erritmo bera, zer toki dugu gizartean?», dio laneko psikologo batek.
Estresa neurtzea zaila dela aitortu dute Didier Garrigues eta Tony Fernandesek. «Nagusiak langileen jarrerarekiko adi egon behar dute, ikusi ea motibatuak diren, falta diren...». Halaber, langile batzordeko ordezkariak ere adi egon behar du langileen arazoekiko, Fernandesen arabera. «Langile batek dimititzen duenean, gaizki zegoelako, langileen ordezkariek ahalegindu behar dute jakiten zer pasatu den horretara heltzeko».
Enpresa batean gero eta langile gehiago faltatzen denean, «kasu eman behar da». Enpresa bateko lan giroa txarra dela errateko heina langileen %3 lanetik gelditua direnean izaten da, Fernandesen arabera. Horrelakoetan, arazoa zein den bilatzeko lan bat egin behar da. Kanpoko eragile bat edo psikoterapeuta bat ekarraraz daiteke neurketa egitera.
«Estresaren eta laneko baldintzen laborategi bat» zutik ezartzea proposatzen du Tony Fernandesek. «Langileen ordezkariek eta zuzendaritzako ordezkariek osatu taldea gutxienez hiru hilabetetik behin bildu behar litzateke. Helburua dena mahai gainera botatzea da. Arazoak zein diren agertzea. Horren helburua prebentzioa egitea da, langile guztiak gustura senti daitezen beren lanean».
############
Christine Marsan Psikologoa eta soziologiako ikertzailea
«Presioak eta gero eta lan gehiago eskatzeak eragiten dute estresa»
E. B.
Baiona
Christine Marsan Saran (Lapurdi) izan zen duela bi aste, Bakea Bai elkarteak antolatu jardunaldietan. Enpresetako gatazkak, lan giroa eta estresa ikertzen dituen psikologoa da.
Zein dira laneko estresa eragiten duten faktoreak?
Langileei gero eta gehiago galdetzen zaie, eta gero eta aukera gutxiago dago. Lan gehiago bada, baina diru iturri gutxiago. Lan kargak, presioak eta gero eta kalitate gehiago exijitzeak dute estresa eragiten. Ez dakit zein izan den 35 orenen eragina. Opor egun gehiago eman ditu, baina lan denboran askoz presio handiago. Hutsarteak baztertu dituzte, hots jendarteko denbora guztiak. Bazkaltzeko edota kafea hartzeko denborak laburtu dituzte.
Kafeak elkarrekin hartzeko denbora murrizteak ba al du ondoriorik laneko giroaren txartzean?
Inportanta da bakoitza kezka dadin elkarrekin lan egiteaz. Kolektiboak berriz sortu behar dira. Bakoitza bere txokoan egoteak intentzio txarreko zuzendaritzei mesede egin diezaieke, baina hori ez da eraikitzailea epe luzera. Aldiz, kolektibo egituratuetan informazioa badabil eta zailtasunak hobeki kudeatzen dira, beste batzuekin hitz egin daitekeelako. Lankideen arteko lotura dagoenean estres gutxiago izaten da.
Sindikatuak, langile batzordeak, greba eskubideak eta abar langileen babesteko tresnak ziren. Gaur egun egitura horien ahultze bat gertatzen da, eta, beraz, elkartasun falta. Horrek ondorio zuzenak ba al ditu langileen osasunean?
Gero eta langile gutxiago dago sindikatuetan, sindikatuak ez direlako langileen kezkez arduratzen. Gibeleko lerroko borrokek edo helburu politikoak dituztenek ez dute jende anitz interesatzen. Beraz, langileek ez dute beren burua sindikatu horietan ordezkatua ikusten. Sindikatuetan gelditzen den jendea, beraz, gogorragoa da. Ondorioz, elkarrizketa soziala baino gatazka sozial gehiago gertatzen da. Horrek nagusiak ez ditu bultzatzen langileen solasak entzutera. Sindikatuak gauza onak izan daitezke, baina erretreten erregimen berezien aldeko borroka ez da jendea mobilizatuko duen zerbait, eguneroko sufrimendua beti hor baitago. Kudeatzaileek paradoxa anitz jasaten dituzte. Ez direnean egoera zailak kudeatzera heltzen, kudeaketan traketsak dira, eta egoera txartuz doa. Sindikatuek zerbait egin dezakete, langileak zinez entzuten badituzte. Alemanian elkarrizketaren logika dute.
Enpresak epe laburreko irabaziei garrantzia ematen badie, epe luzera, laneko giro txarraren ondorioak pairatzen ditu?
Batzuek diote ez duela eraginik, turn over bidez funtzionatzen dutela erranez, hau da, langile bat gustura ez dagoen guziez, langilea aldatzen dute. Baina horrek kostu ekonomiko bat badu. Langileak kontent dituen enpresa batean, motibazio handiagoa izaten da, eta emaitzak askoz hobeak dira. Enpresaburuak ez badira langileen osasunaz axolatzen, argudio ekonomikoa ateratzen ahal zaie.
Laneko giro txarra gatazka iturri izan daiteke. Baina, gertatzen da gatazka ez lehertzea, eta giroak usteltzen jarraitzea. Zein da horren ondorioa?
Giroa gero eta txarragoa da, jendea ez da ausartzen mintzatzera. Beraz, langileek arazoak beren baitan hartzen dituzte, eta hori estres faktorea da. Beharrezkoa da estres horren oinarrian direnak -maiz, buruzagiak- konbentzitzea isilik gordeak atera behar direla. Lan bat egin behar da haiekin, jendea gehiago mintzatzeak lituzkeen ondorioek sortzen dizkieten kezkak baretzeko. Nagusiari gauzak erran dakizkioke, eraso egin gabe. Gauzak isilpean gordetzetik gatazkara pasatzean, maiz, giro bortitzak sortzen dira. Gatazkaren beldurrak egoera txarragoa eragiten du. Baina arazo batez laster arduratzen bagara, ez da txartzen, eta aiseago konpontzen da.
############
Enpresa batean giro txarra dela erraten da langileen %3 lanetik gelditua direnean laneko arrazoiengatik
Nagusi batzuek langile hautagaiei estresari buru egiteko duten gaitasuna zein den galdetzen diete
############