...eta Alemania ez da fio

Hedabideek diote EBZk zorpetuak saritu dituela eta arriskuan jartzen ari dela alemaniarren dirua

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Europako gobernu gehienen arinduei, analista ekonomiko gehienen oniritziari eta finantza merkatuen erreakzioei entzungor egin die Alemaniako iritzi publikoak. Europako Banku Zentralak Italiaren eta Espainiaren zorra erosteko prest dagoela iragartzeak editorialista gehienen haserrea eta besteen mesfidantza jaso dute. Txaloak oso bakanak izan dira.

Kritikoenen artean dago Alemaniako egunkari irakurriena, Bild populista. «Txeke zuria herrialde zorpetuenei», zioen atzo, eta alemaniarren dirua arriskuan jartzea leporatu zion Draghiri. «Nork izango du bere gain finantza arriskua? Zamaren %27 Alemaniari dagokio». Bild-ek duen indarra ikusita, berehala erantzun dio Wolfgang Schaueble Finantza ministroak. Txeke zuriarena «gehiegizkoa, gaizki ulertua» izan dela dio, eta laguntzak baldintza zorrotzak dituela nabarmendu du.

Sueddeutsche Zeitung serioak ere ez du hitz goxorik EBZrentzat: «Euroa kosta ahala kosta salbatzea desastrea da ekonomiarentzat, eta marra lerro hori ezin da zeharkatu. Beste marra legearena da: itunak etengabe hausten dituen euroaren komunitateak oso sustrai ahulak ditu. Ostegunean, zoritxarrez, EBZk bi marrak zeharkatu zituen […]. Bonuak erosteak esan nahi du EBZk onartu eta saritu egiten duela kudeaketa ekonomiko txarra […] Espekulatzaileei egingo die mesede, eta herritar gehienek pagatuko dute faktura».

Eskuinerago, mesfidati dago Frankfurter Allgemeine ere. «Laguntza baldintzei lotzeko promesa ez da berria. Euroaren ustezko salbatzaileek urteak daramatzate egiturazko erreformak eskatzen, baina laguntza jasotzen dutenek sarri ez dituzte betetzen. Zer egingo du EBZk Italiak ez badu agindutako lan erreforma egiten? Italiaren zorra salduko du? Ezin du, diru politika jada funtzionatzen ez duela dioen argudioa benetan sinesten badu. EBZ preso daukate politikariek».

Banku zentralaren independentziarik ezaren ildoari eusten dio Die Welt-ek ere: «Politikariek 'sua' oihu egiten duten bakoitzean, EBZk itzali egiten du. Azken erabakia […] politika horren ondorio tristea da». Beste arrisku «izugarri batzuk» ere ikusten ditu egunkari kontserbadoreak. «Gaur egun inflazioa ez da arazo nagusia, baizik eta iparraldearen aberastasuna hegoaldera doala gardentasunik gabe eta legitimitate demokratikorik gabe».

Salbuespenak ere badaude. Financial Times Deutschland-ek Draghiren «politika ausarta eta arrazionala» txalotu du, eta nabarmendu du gobernuen esku dagoela laguntza eskatzea eta haren baldintzak zehaztea. Ezkerrerago, Die Tageszeitung-ek gogor egin du Jens Weidmann Bundesbankeko presidentearen aurka, EBZren erabakiaren aurka azaltzeagatik: «Argi dago Weidmannek bere ideologia azken muturrera eramaten duela, eta nahiago duela hondamen ekonomikoa bere ikuspuntua bigundu baino […]. Weidmann Europako gizon arriskutsuenetako bat da».

Konstituzionalaren zain

Giro horretan, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak asteazkenean erabaki behar du Europako erreskate tresna iraunkorrak (EMD) bat ote datorren herrialdeko lege nagusiarekin. Erabakiak eurogune osoari eragingo dio. Baiezkoa bada, EMD indarrean jarri ahal izango da, eta bere kutxetako 500.000 milioi euroak baliatu ahal izango dira estatu kideen zorra zuzenean erosteko. Ezezkoa bada, berriz, hankaz gora eroriko da euroguneko agintarien krisiaren aurkako estrategia, eta oso litekeena da merkatuek gogor zigortzea.

Inkestei erreparatzen badiegu, ondorio horrek ez du beldur handirik eragiten Alemanian. YouGov-ek atzo kaleratutako galdeketa batek dio herritarren %54k nahiago dutela Konstituzionalak EMD atzera botatzea, eta %25ek soilik bat egiten dute parlamentuaren onarpenarekin. Ekainaren 29an Bundestagek ontzat hartu zuen erreskate funts iraunkorra, eta Die Linke (Ezkerra) alderdiak baizik ez zuen oso-osorik bozkatu haren aurka. Die Linkek aurkeztu zuen inkonstituzionaltasun helegite bat, eta Peter Gauweiler CSUko euroeszeptikoak eta Demokrazia Gehiago herritar taldeak beste biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.