Energia berriztagarrien sektoreak espero zuen aizkorakada jo du Espainiako Gobernuak. Urtarriletik indarrean da energia erreforma, eta han aurreratzen ziren gakoak zehaztu berri ditu Industria Ministerioak agindu baten bidez. Proposamena CNMC Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeari igorri zion iragan astean, eta horrek ebazpena eman du. Berriztagarrien sektoreak kalkulatu du 2.100 milioi euroko murrizketa jasango dutela urtean.
Sistema energetikoak egiturazko arazo bat du. Krisiak argindar kontsumoa gerarazi du, eta azken hamarkadan energia berriztagarrietan zein ziklo konbinatuetan egin den inbertsioa gehiegizkoa izan da. Berriztagarrien kasuan, bultzadak bazuen funtsa. Europako Batasunak 2020rako zehaztu du energia kontsumoaren %20 berriztagarrietan oinarritu behar dela. Teknologikoki garatzeko bide handia zuen aurretik berriztagarrien sektoreak, eta, horregatik, iragan hamarkadan Jose Maria Aznarren gobernuak eta batez ere Jose Luis Rodriguez Zapaterorenak inbertsio pribatua erakartzeko laguntzak bideratu zituzten.
Horien babespean, instalazioak ugaritu eta laguntzak areagotu dira. 2003. urtean 1.017 milioi euro eman ziren berriztagarriak finantzatzeko —batik bat sektore eolikoa—; iaz, berriz, 9.000 milioi euro. Guztira, Industria Ministerioak kalkulatu duenez, 50.000 milioi euroko kostua eragin du 2000tik 2013ra bitartean. Gainera, PPren gobernuak argindar taldeen tesiekin bat egin du, eta argindar defizit delakoaren bidez sektore publikoak pilatutako ustezko 26.000 milioi euroko zorraren erantzule nagusi bihurtu ditu berriztagarriak. Hortik dator azken erreforma energetikoa.
Faktura igotzen ari zela ikusirik, Zapaterok 2010etik berriztagarrietan inbertsioak gerarazi zituen, baina Mariano Rajoy haratago joan da. Iazko uztailean, gobernuak atzerako eragina sartu eta 2006an jarritako baldintzak indargabetu zituen. Gero, laguntzak kalkulatzeko sistema berria zehaztu du erreforma energetikoak, eta haren garapena etorri da orain, ministerioko agindu bidez.
Aginduak instalazio mota bakoitzari aurrerantzean eman beharreko dirua birkalkulatu du. Kalkulu berriak irizpideak aldatzen ditu, eta instalazioak potentziaren, teknologiaren eta martxan jarritako dataren arabera sailkatzen. Konplexutasunaren erakusle, guztira 1.600 tarifa mota sailkatu ditu. Ondorioa, ordea, sinplea da: iaz, 9.000 milioi euro banatu zituen, eta 2014an 7.000 milioi euro banatu nahi ditu.
Tarifa motak atomizatu egiten dira. Adibidez, kogenerazioa erabiltzen duten 986 zentral daude, eta horientzat 806 tarifa mota sortu ditu Industria Ministerioak, ezinezkoa bihurtuz modu orokorrean ondorio ekonomikoak neurtzea. Hego Euskal Herrian, uneotan 520 megawatteko potentzia dago ezarrita kogenerazio bidez.
Onuradunak, kaltetuak
Berriztagarrien kasuan, eguzki energia termikoa izan da onuradun nagusia. Hego Euskal Herrian ez du eragingo, gaur-gaurkoz ez baita inbertsiorik egin. Espainian, berriz, 50 instalazio daude —2.300 mW potentzia dute—. Azpi sektore horretan, laguntzak handitu egingo dira, baina enpresa handiei eragingo diete.
Kaltetu nagusia sektore eolikoa izango da. Laguntzetatik kanpo geratuko dira 2004 baino lehen baimena jaso zuten parkeak. Hego Euskal Herriko 35 parke eolikori eragingo die neurriak, batik bat enpresa handiei: Acciona Energia, Enhol, Eolica de Euskadi eta MTorres. Espainian, berriz, parke gehien Iberdrolak du, eta gero Accionak eta Enelek. Enpresa Eolikoen Elkarteak «espoliaziotzat» eta «akats politiko historikotzat» jo du neurria.
Beste kaltetu nagusia plaka fotovoltaikoak izango dira. Uneotan, Euskal Herrian 10.000 plaka inguru daude ezarrita; horietatik bi heren inguru sendiek inbertitutako plakak dira. Ministerioaren neurriak denei eragingo die, baina kopurua ez da bera izango. Izan ere, plaka fotovoltaikoei 576 tarifa mota ezarri die, eta, Anpier elkarteak kalkulatu duenez, %40ra arteko murrizketak ezarri ditu.
Zeharka, ordea, boomerang efektu bidez, arazoak eztanda egin diezaioke finantza sistemari ere. Ekoizle txiki horietako askok mailegu bidez finantzatu zuten plakaren instalazioa, eta, laguntzari esker, berez finantzatzen zen mailegua. Laguntza murriztuta, zorrari aurre egiteko zailtasunak izango dituztela kexu da inbertitzaile txiki ugari biltzen dituen Anpier elkartea. Joko arauak aldatuko ez zirela pentsatuz, askok euren etxea jarri zuten kredituaren berme gisa. Uneotan, 18.000 milioi euro inguruko zorra dute pilatua. Anpierrek arrazoi izanez gero, plaka fotovoltaikoak albiste iturri bihurtuko dira. Euren etorkizuna eta sektore osoarena ziurgabe ageri da, lainopean.
Energia
Etorkizuna, lainopean
Espainiako Gobernuak urtean 2.000 milioi euroko murrizketa ezarri die berriztagarriei: kaltetu nagusiak parke eolikoak eta plaka fotovoltaikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu