Etorkizunerako igogailua

Oronak hasi ditu igogailuen, hiri mugikortasunaren eta eraikinetako energia kudeaketaren berrikuntza guneko lanak160 milioi euroko inbertsioa izango da, eta mila lanpostu sortzea espero dute

jakes goikoetxea
Hernani
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Oronak Hernanitik Hernanirako bidea egingo du, baina kilometro gutxian orainetik etorkizunera pasatuko da. Lastaola industrialdetik Galarretara eramango ditu egoitza eta, garrantzitsuena, ikerketa eta berrikuntza jarduerak. Han lankide izango ditu Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan IK4. Gaur egun ere badira, baina orain arte elkarrekin lan egin dute eta hemendik aurrera elkartuta egingo dute. Asmoa «berrikuntza ekosistema bat», «berrikuntza hiri bat» lortzea dela esan zuen Jabier Mutuberria Oronako zuzendari nagusiak atzo aurkezpen ekitaldian.

Orona IDeOk batuko ditu Orona, Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan IK4. Enpresa, unibertsitatea eta ikerketa zentroa. Atzo jarri zuten proiektu berriaren lehen harri birtuala, Oronaren egoitza nagusian, Hernaniko Lastaola industrialdean (Gipuzkoa).

Orona IDeO abiatuta, Donostiako Miramongo parke teknologikoa hedatzeko proiektua ere hasi da, parkea ia beteta baitago. Igogailu enpresarena proiektu zabalago baten zatia da, baina Orona da parke teknologikoa hedatzeko ekimenaren bultzatzaile nagusia, motorra eta bihotza, funtsean.

Obrak hasi dira. Orona IDeOren hiru eraikinen lehen fasea 2013ko apirilerako egingo dute; bigarrena, berriz, 2014rako. Zenbakiak potoloak dira: 150.000 metro koadro (108.000 eraikinentzat), 160 milioi euroko inbertsioa eta goi mailako mila lanpostu sortzeko asmoa. Oronari dagozkio lur zoruaren ia erdia (40.000 metro koadro), aurrekontuarena ere bai (70 milioi euro) eta lanpostuen erdiak (500).

Hiri mugikortasunean eta igogailuetan espezializatutako berrikuntza esparrua izango da Galarretakoa. Iraunkortasuna eta energiaren kudeaketa eraginkorra izango dira lan ardatzak.

Energia biltzeko egitasmoa

Esate baterako, lan egiteko behar duten energiaren zati bat —jaisteko, balaztatzeko— argindar bihurtu eta biltegiratzeko gai diren igogailuak, bateria adimendunen bitartez. Energia hori igogailuak berak edo eraikinak erabiliko luke. 1 Formulako autoen KERS sistemaren antzekoa da.

Berrikuntza etengabea da. Hernaniko enpresak jartzen dituen hiru igogailutik bi duela hiru urte baino gutxiago sortuak dira.

Berrikuntzan lan egingo dute Orona IDeOn. Zentroa bera eta parke osoa ere berritzaileak izatea nahi dute eraikinen iraunkortasunean eta energiaren kudeaketan. «Laborategi bat», zehaztu zuen Mutuberriak. Eraikin bioklimatikoak izango dira, eta iturri berriztagarrietatik lortuko dute beharrezko energia, biomasa planta baten bidez batez ere.

Oronak igogailuak, eskailera eta aldapa mekanikoak eta pasabideak ekoitzi, jarri eta mantentzen ditu. Baina gero eta gehiago eskatzen diote haiek jarri behar diren eraikinen energiaren kudeaketa ere. Hala, eraikinetarako energia zerbitzuak dira etorkizuneko lan eta negozio ildoetako bat.

Atzo abian jarritako proiektuaren kudeaketa konplexua izan da, bai izaeragatik, bai tamainagatik, eta baita erakunde eta alderdi politikoak bat egitera behartu dituelako ere. Horixe nabarmendu zuten ekitaldian parte hartu zuten ordezkari politikoek: Bernabe Unda Jaurlaritzako Industria sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak.

Jose Mari Aldekoa Mondragon taldeko presidenteak nabarmendu zuen Euskal Herriaren erronka enpresa sarea aldatzea dela, «2020-2030ean balio erantsia eta lanpostuak sortzen jarraitzeko, eta lehiakorrak izateko». Oronarena urrats bat da bide horretan, taldearentzat «estrategikoa».

Mutuberriak ez zuen iazko jarduerari buruzko daturik eman nahi izan. Apirilaren 1eko batzarrean emango ditu. Baina aurkezpenean aipatu zuten fakturazioa 580 milioi eurokoa izan zela, hau da, 2009an baino %12 gehiago.

Igogailuena eraikuntzari lotutako sektorea da. Orona ondo gainditzen ari da Espainiako eraikuntzaren krisia. 2009an 83 milioi euro irabazi zituen, 2008an baino %20 gehiago. Kopuru aipagarria da, Oronak hiru eurotik bi Euskal Herrian eta Espainian jasotzen baititu, eta merkatu hori krisia hasi zenean baino hiru aldiz txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.