LABek «oso garai berezian» egin du VIII. biltzarra. Langileen gain erortzen ari den erauntsia handia izanagatik, indarberrituta eta iparrorratz argi batekin atera da Barañaindik. Ostegunean LABeko idazkari nagusi karguan berretsia izan ostean, Ainhoa Etxaidek atzo goizeko diskurtsoan azpimarratu zuen euren iparra «euskal estatu sozialista eraikitzea» izango dela. Bidegurutze batean egonik, krisiaren eraginez aldaketa prozesua azkartu egin behar dela deritzo Etxaidek, eta, horregatik, prozesu subiranistaren eztabaidan parte hartzera dei egin dio euskal sindikalgintzari, batez ere ELAri: «Zailtasunak zaitasun eta benetako akordioak eraikitzeko denbora behar dugula jakin arren, euskal gehiengo sindikal indartsu bat behar du euskal langileriak. ELA eta LABen esku dago horretan aurrera egitea, eta gu prest gaude konpromiso argiak eta sendoak hartzeko».
Etxaideren aurretik, Valentin Pacho Munduko Sindikatuen Federazioko (FSM) idazkari nagusiak, Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak parte hartu dute. Bertan egon dira, besteak beste, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak eta Maiorga Ramirez eta Pello Urizar Eusko Alkartasunako buruzagiak.
Etxaidek krisiaren larritasuna ekarri du gogora diskurtsoan, orain arteko paradigma ekonomikoa eta politikoa «hankaz gora» utzi dituelako. «Okertzeko beldurrik gabe esan dezakegu etorkizunean gauzak ez direla berdin izango, krisi honek gaur arte ezagutu dugun eredu politiko, ekonomiko eta soziala aldatuko duelako». Era berean, iruditzen zaio Europako Batasunaren eredu kapitalistak porrot egin duela. «Hamarkadak egin dituzte bitarteko publiko guztiak finantza sistemaren eta multinazional handien esku jartzen, horiek inolako neurririk gabe espekula zezaten, eta langileak erruz ordaintzen ari gara orain porrota Europa osoan».
Hego Euskal Herrian gobernuek hartu duten bidea ere «suizidio ekonomiko eta politiko bat» da, Etxaideren arabera. «Badakite bidegurutze batean gaudela. Espainiako Estatuan 1978an hartu ziren erabakiek eman beharreko guztia eman dute, porrot egin dute», nabarmendu du. Etxaideren arabera, «sakoneko aldaketak egin behar dira», eta bidegurutze horretan «Euskal Herriak zein bide egingo duen dago jokoan». Bidegurutze horretan, LABen hautua da euskal gatazkari konponbide demokratiko bat egitea, euskal herritarrek etorkizuna «libre eta esku sartzerik gabe» erabakitzeko. Dena den, biltzar osoan adierazi bezala, LABek uste du prozesu hori «azkartu» egin behar dela, «krisi honetan estatuek hartu duten bidean» Euskal Herria ito ez dadin.
Bide horretan prozesu subiranistaren eragile izateko asmoa du LABek. «Ez gara begira geratuko», esan du Etxaidek. Hala ere, aliantzak indartu egin nahi ditu, eta, horregatik, eztabaida horretan sartzeko gonbita egin dio euskal sindikalgintzari.
«Ikaragarrizko erronkak ditugu, eta aurreikuspenak egoera bera baino beltzagoak dira», ohartarazi du Etxaidek. Etorkizun horretan LAB «borroka egiteko tresna» izango dela azpimarratu du, eta nabarmendu du horretarako oinarria iraganean egindako bidearen sinesgarritasuna dela. «Gure ibilbide historikoak eman digun zilegitasuna da borrokatzeko dugun indarraren oinarria. Orain da indar hori guztia askatzeko eta Euskal Herriak behar duen prozesuari begira jartzeko garaia», adierazi du Etxaidek.
Etxaide: «ELAren eta LABen esku dago gehiengo sindikal indartsuan aurrera egitea»
LABeko idazkari nagusiaren arabera, sindikatua «borroka egiteko tresna» izango da, baita burujabetza prozesuan eragile ereHegoaldeko gobernuak «suizidio politiko eta ekonomiko batera» doazela uste du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu