Enpleguaren sorrera krisiaren irtenbiderako giltza dela adierazi du LABek. «Ez da krisitik ateratzearen ondorio izango, patronalak esaten duen bezala, alderantziz baizik», Ainhoa Etxaide idazkari nagusiaren esanetan. Eta horretarako lehen pausoa lanpostuak «ez galtzea» dela uste du: «Erabaki politiko bat da». Aldarrikapen horrekin, borrokan dauden enpresa batzordeek martxoaren 9rako Bilbon eta Iruñean antolaturiko manifestazioarekin bat egingo du LABek. «Gure interesak kolektiboki defendatu behar ditugu».
Enpleguari buruz hitz egiteko, Nafarroako Parlamentuan langabeziaren inguruko saio berezia egin zuten ostegunean, eta Legebiltzarrak ere berdina egingo du martxoaren 8an. Saio horiek egitea «ez da kasualitatea» Etxaiderentzat, «beldur dira langabezia gatazka bihurtuko ote den». Eta deia ere egin die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari: «Bake soziala posible izango da, langabeziari aurre egiten bazaio». Edozein modutan, positibotzat jo du parlamentuetan enpleguari buruz hitz egitea, «baina gobernuek hartzen dituzten erabakiak aurkakoak dira».
Baieztapen horren adibide gisa jarri du Etxaidek Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean proposatu zuen lanorduen luzapena: «Horrek lanpostu galera areagotu besterik ez du egiten». Horrez gain, erretiro adina aurreratzea eta lan esparrua desarautzean gobernuek urratsik ez egitea eskatu du sindikatuak.
Azken puntu horretan, lan erreforma onartu zenetik urtebete beteko denean, «eztabaidak bizirik» jarraitzen duela dio Etxaidek. «Ez da ilegala erreforma ez aplikatzea, aukera bat baizik». Ildo horretan, negoziazio kolektiboa babesteko ere eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari: «Uztailaren 7a bertan dago, eta ordutik aurrera lanpostu asko deuseztatuko dira». Egun horretan lan hitzarmena lortu ez duten enpresen ultraaktibitate epea amaituko da, eta maila orokorragoetara jo beharko dute lan baldintzak negoziatzera. Horregatik, «premiazko» kontua dela esan du sindikatuko ordezkariak.
Confebasken kritika
Gai horretan Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentearen kritika iritsi zaie sindikatuei: «Euren jarduera ez dago langileen eta euskal negoziazio esparruaren defentsara bideratuta, euren statu quo-a bermatzera baizik». Alde horretatik, EAEko negoziazio kolektiboaren «blokeo» egoera sindikatuei egotzi die: «Iraganean sindikatuek izan duten blokeo gaitasuna mantentzea da une honetan euren helburu nagusia».
Etxaide: «Enplegua ez da izango krisitik ateratzearen ondorioa, irtenbidea baizik»
LABek bat egingo du borrokan diren enpresa batzordeek martxoaren 9rako antolatu dituzten protestekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu