Etxebizitza

Etxe salmenta ia itzuli da 2019ko mailara

Urtarriletik ekainera 14.000 etxebizitza salerosi dira Hegoaldean, iaz epe horretan baino laurden bat gehiago. Prezioen igoera eten egin da,%0,2 baizik ez baitira garestitu azken urtean.

Txaletak Mungian, artxiiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 6a
18:20
Entzun

Lan merkatua, industriaren ekoizpena, barne produktu gordina... eta etxebizitzen salmenta. Jarduera ekonomikoa 2020ko kolpe gogorretik ateratzen ari dela erakusten duen beste erakusle bat da etxebizitzen merkatua. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, aurtengo lehen sei hilabeteetan 13.992 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian, iazko lehen erdian baino 3.700 gehiago. Portzentajeari dagokionez, %24,5 handitu da salmenta, eta gutxigatik ez da iritsi 2019ko lehen sei hilekoan izandakoetara (300 gutxiago).

Urtearen amaierara iristean gaindi daiteke 2019ko aldea, ekainak erreferentzia gisa balio badu. Izan ere, hilabete horretan %34 hazi dira salerosketak, 2020ko ekainarekin alderatuz gero. Egia da, hori bai, iazko ekainean oraindik konfinamenduaren azken arrastoak indarrean zeudela, eta horrek ez zituela salerosketak erraztu. Egia da, halaber, itxialdirik zorrotzeneko asteetan ere salerosketa operazioak izan zirela, martxoaren erdiaren aurretik lotutakoak horietako gehienak: 2020ko apirilean 1.300 etxebizitza saldu ziren ofizialki.

2021ari dagokionez, ez da alde handirik etxe berrien eta bigarren eskukoen artean, bietan merkatua %24tik gora hazi baita.

Etxebizitza berriak ez dira saldutakoen laurden batera iristen (%21,5), eta, beraz, oso urrun geratzen da Atzeraldi Handiaren aurreko garaia, eraikuntzaren oparoaldian saldutakoen bitik bat baitzen estreinatu gabekoa. Hori bai, bada suspertze txiki bat etxebizitza berrien salmentan, 2019an ez baitziren %19 ere izan.
Suspertzerik ez dago, berriz, babes ofizialeko etxebizitzen kuotan, ez baitira hamarretik bat izatera iristen.

2007an baino merkeago

Prezioei dagokienez, 2021eko bigarren hiruhilekoari dagozkion datuak hilabete barru argitaratuko ditu INEk, eta erakunde horrek urtarriletik martxora arteko epeari buruz emandakoak dira azken erreferentziak. Horietan antzeman daiteke prezioen igoera azkenean apaldu egin dela, azken urtean batez beste %0,2 baizik ez baitira garestitu Hego Euskal Herri osoan.

Etxebizitzaren izaeraren arabera, ordea, bada aldetik lurraldeen artean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iaz baino garestiago daude berriak (+%1,2), baina merkeago bigarren eskukoak (-%0,1); Nafarroan, berriz, kontrakoa gertatzen da: berriak %1,9 merkeago daude, eta besteak %1,8 garestiago.

2015ean hasi ziren prezioak berriro igotzen, finantza krisiak batez besteko prezioei koska ederra jan ondoren, %35-40 inguru. Igoera motelagoa izan da, eta neurritsuagoa, ez baitira gertatu aldez aurretik ohiko bihurtu ziren bi zenbakiko garestitzeak. Ondorioz, salneurriak urrun daude 2007an markatu zituztenetatik: %25 merkeago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %37 merkeago Nafarroan. Horrek ez du esan nahi ingururik preziatuenetan ez direla maila horretara iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.