Etxebizitza

Etxe salmentak hazteari utzi dio, Hego Euskal Herrian

2019. urteko lehen erdian 13.594 etxebizitza salerosi dira, iaz epe horretan baino %0,2 gutxiago. Prezioak %5 handitzen ari dira

Etxebizitza berriak, Gasteizko Zabalgana auzoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 7a
07:30
Entzun

Bost urteko hazkunde epea amaitzen ari da etxebizitza merkatuan. INEren datuen arabera, Hego Euskal Herrian 13.594 etxebizitza salerosi dira urteko lehen sei hilabeteetan, iaz, epe horretan baino 33 gutxiago.

Jaitsiera oso txikia da (-%0,2), eta baliteke urtearen bigarren aldian kopuruek gorantz edo beherantz egitea, baina egonkortze joera bat erakusten dute. Harritzekoa ere ez da, iaz iritsi baitzen merkatua krisi lehertu zeneko mailara. Izan ere, 2008. urteko lehen sei hilabeteetan, atzeraldiaren urruneko hotsak gerturatzen ari zirenean, 13.802 etxebizitza salerosi ziren Hego Euskal Herrian, aurten bezalatsu.

INEk zabaltzen dituen lehen datuak 2007koak dira, eta orduan 20.603 izatera iritsi ziren, baina etxebizitzaren inguruko burbuila lehertu gabe zegoen orduan, eta salmentak neurriz kanpoko puztuta zeuden. Ondoren, krisiaren unerik okerrenean, 2013an eta 2014an, 8.200era jaitsi ziren salerosketak. Ordutik hona %65 handitu dira.

Etxe berri gutxiago

Badago, ordea, desberdintasun handi bat 2008ko eta 2019ko etxebizitza merkatuen artean: orduan, saldutako etxebizitzen ia erdia (%47,8) berriak ziren, garabiak oraindik bete-betean lanean ari zirelako. Azken urteetan, ordea, bostetik bat baizik ez da berria izan: aurten, zehazki, %19,3 izan dira.
Azken urteetan asko moteldu da bizitegi berrien eraikuntz eta salmenta, eta kopuru nahiko egonkorretan dago 2015az geroztik, 2.400 eta 2.700 artean urteko lehen erdian. Aurtengoan, 2.623 salerosi dira, iaz baino %2 gutxiago.

Erakunde publikoen eskuhartzea alokairura bideratzen ari dela erakusten duen beste datu bat ere eman du INEk: babes ofizialeko 746 etxebizitza saldu dituzte urtarriletik ekainera, merkatu osoaren %5,4 baino ez. Iazko epe horretan %6,3 izan ziren.

Lurraldeei erreparatuz, Gipuzkoan soilik handitu dira aurten salmentak (+%5,2). Bizkaian %0,8 jaitsi dira, Nafarroan %2,3 eta Araban, berriz, %5,3.

Prezioek, gora

Egonkortzeko joerarik erakusten ez dutenak prezioak dira. 2019ko lehen erdiko datuak hilabete barru emango ditu INEk, baina urteko lehen hiruhilekoek erakusten dute etxeek 2015ean hasitako garestitze prozesuarekin jarraitzen dutela: Nafarroan %4,9 hazi ziren, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %5,8.

Edonola ere, oraindik asko falta da 2008ko prezioetara iristeko. INEk dio orduan baino %38 merkeago daudela Nafarroan, eta %25 merkeago beste hiru lurraldeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.