ETXEBIZITZA MERKATUA. PREZIOAK. Ausartu edo zain egon?

Gehiago jaitsiko direla batzuek; ezetz, beheko muga jo dutela dagoeneko besteek. Aditu asko egunero etxebizitzen merkatuari buruz hizketan. Zeinen iritziak aditu, norberaren esku.

Miren Garate.
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Esana eta izana bi gauza direla dio esaera zaharrak. Etxebizitzen merkatuan oinarrituta, zer da gertatzen ari dena, eta zer esaten dutena? Nork hitz egiten duen, hori da kontua. Datuak daude, alde batetik, emaitza objektiboak itxura batean. Horien arabera, azken lau urteetan metro koadroaren prezioa %10 eta %25 artean merkatu da batez beste. Eraikuntza geratu egin da. Orain bost urte lau etxe eraikitzen ziren, eta orain bakarra. Eta bat hasterako bi etxe eta erdi amaitzen dituzte. Emaitza: 19.600 etxeko stock-a dago Hego Euskal Herrian.

Zenbaki dantza horrek zenbaterainoko aldaketa ekarri duen etxebizitzen merkatura ez dago hain argi, ordea. Behin eta berriro prezioak jaisten ari zirela entzun, erosteko asmoz galdetzera joan, eta aldaketarik ez igarri. Hara zenbaiten kasua. Etxea erosteko garaia dela ere maiz esan da azken hilabeteetan. Zer egin behar du asmo horrekin dabilenak, pausoa ematera ausartu ala denbora gehiagoan zain egon? Alokatzea egokiagoa da?

Etxe berrien prezioak bederen ez direla jaitsiko diote eraikitzaileek. Haien argudio nagusia da lurrak garesti ordaindu dituztela eta ez dutela gehiago jaisteko tarterik. Bestelako datuak eman ditu Espainiako Etxebizitza Ministerioak. Haren arabera, Araban %40 inguru merkatu da metro karratua 2007tik; lur sailak gehien ordaindu ziren urtetik, alegia; Gipuzkoan %20, eta Nafarroan eta Bizkaian antzeko mailan dabil metro koadroa.

Materialaren eta langileen kostuak ere ez direla murriztu da eraikuntza enpresek ematen duten beste arrazoietako bat; kostu berberak dituztela, alegia. Hala, kontrakoa gertatzeko arriskua ere ikusi dute. Hau da, hasitako obrek maila berean jarraituz gero etxe hutsunea sortzeko arriskua dagoela ohartarazi dute, eskaerak denbora asko daramalako geldirik dagoeneko.

Kopuru ezberdinak

Eraikitzaileen eta bezeroen artean etxe agentziek egiten dituzte bitartekari lanak. Orain urtebete egindako elkarrizketan, salneurriak ez zirela askoz gehiago jaitsiko esan zion BERRIAri Genaro Kortajarena Gipuzkoako etxe agentzien elkarteko presidenteak. Onartu du ordutik doituz joan direla prezioak, eta saldu diren gehienak jabearen eta bezeroaren negoziazioen ondorio izan direla. «Ahal den moduan tira egiten ari gara, baina salmentak geratuta daude», azaldu du. Susperraldirik ez, beraz, oraingoz.

Etorkizunean zer gertatuko den ez dakiela adierazi du. «Egunero agertzen da adituren bat zerbait ezberdina esaten». Salneurrien gainbeherarik, ordea, ez du espero. «Beheraka handia egon da, orain posible da unean uneko doiketa batzuk egotea, baina ez du ematen askoz gehiago jaitsiko direnik». Krisia handituz geroztik Gipuzkoan etxeak%15 eta %20 merkeago daudela dio. Bigarren eskukoetan igarri da gehiago, berriak antzeko mailan baitaude.

«Logikoa da etxe agentziek gehiago ez direla merkatuko esatea; eurak saltzen aritzen dira», adierazi du Borja Mateok, La verdad sobre el mercado inmobiliario liburuaren egileak. Hilabete amaieran argitaratuko du, eta merkatuaren egoera hobeto ulertzeko gakoak ematea da haren helburua.

Zertan engainatzen gaituzten galdetuta, hainbat adibide eman ditu: «2003tik 2006ra etxebizitzaren burbuila zegoela ukatu zuten; 2005etik 2007ra salmentak egonkortu egin zirela; 2007tik 2009ra prezioen jaitsiera; eta orain, jaitsi behar zuten guztia jaitsi direla diote». Guztia «gezurra» izan dela uste du.

Ziur dago salneurriak gehiago jaitsiko direla oraindik, %30 edo %40 gehiago ere bai. Ez da iritzi hori duen bakarra. Aurreikuspen harrigarria egin du Nazioarteko Ordainketen Bankuak ere. 2050era bitartean%75 ere jaits daitezkeela uste du. Espainiari eta Alemaniari buruzko datua da. Portugalen jaitsiera are handiagoa izango dela dio, %85ekoa hain zuzen. Erakunde horren arabera, 1970 eta 2009. urteen artean etxeen prezioak %300 igo ziren Espainian.

Merkatzea gizartearen zahartzeak eragingo duela dio, bizi-itxaropena luzatzen ari denez eskaera gutxitu egingo delako. «Tesi onargarria iruditzen zait, Japonian eta Alemanian ere %50 jaitsi dira 90eko hamarkada erditik», esan du Mateok.

Argi eta garbi du ez dela etxea erosteko garaia. «Erosiko zenuke zerbait jakinda balioa galduko duela?», dio. Alokatzearen aldekoa da Mateo. Eta, batez ere, alokairu zaharrak negoziatzeko garaia dela uste du. Izan ere, haren esanetan, salmenta prezioak baino ere gehiago jaitsi dira alokairuarenak. Errenta ordaintzea dirua harrika botatzea dela uste dute askok. «Hala da, baina zer da mailegu baten interesak ordaintzea jakinda erosten ari zaren hori balioa galtzen ari dela?».

Hilabeteko alokairuaren eta maileguaren artean ez dago alde handirik gaur egun. Fotocasak egindako ikerketaren arabera,Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, batez beste, 11,25 euroan alokatzen da metro koadroa. 90 metro koadroko etxe batengatik, beraz, mila euro baino gehiago ordaindu behar dira hilabetero. Nafarroan merkeago daude errentak: 8,16 euroan. Horrek ez du Mateoren iritzia aldarazten: «Pentsa, orain interes tasak oso baxu daude, eta, hala ere, sekulako ahalegina egin behar izaten da hipoteka ordaintzeko. Igotzen direnean jendea gai izango da ordaintzeko?».

Urrian, %1,495eko batez bestekoa izan du hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den Euribor indizeak.Hori kontuan hartuta, 30 urtean ordaintzeko 160.000 euroko mailegua duenak, %0,5eko diferentzialarekin, 591 euro ordaindubehar ditu hilabetean. Inongo interes tasarik ez izanez gero, 444 eurokoa izango litzateke hilean ordaindu beharreko kuota. Urtean, beraz, 1.764 euro ematen dizkio bezeroak finantza erakundeari dirua uztearen truke.

Egoera aldatzeko hainbat baldintza beharko direla gaineratu du. «Langabezia jaitsi egin beharko da, stock-a murriztu, alokairuen prezioek jaisteari utzi beharko diote eta finantza erakundeak berreskuratu. Hori guztia gertatu arte denbora asko pasatuko da».

Babestutakoak, garestiago

Merkatuak esango du etxeen prezioek zein joera hartzen duten hurrengo hilabeteetan. Bada, ordea, argi dagoen gauza bat: etxebizitza babestuen salneurriak garestitu egingo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hilabete erdialdetik aurrera babes ofizialeko etxeek %12 gehiago balioko dute, eta etxebizitza sozialek, %21 gehiago. Tasatutakoak gutxiago garestituko dira, %10. Haatik, alokairu soziala merkeago izango da. Familiako diru sarrera %30era jaitsi ondoren, orain %20 edo %25era jaitsiko da.

«Ezin dugu onartu diru publikoa galtzeko luxua», esan du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak. Helburua da etxeen prezioak aski izatea eraikuntza kostuak estaltzeko. Azken hogei urteetan egindako igoerarik handiena izango da, normalean KPIaren bueltan garestitu izan baitira. Krisiak eragin du etxebizitza babestuen eraikuntzan ere. Joan den urtean 3.100 egin ziren; aurreko urteko erdiak, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.