2015. urteko bilakaerak jarraitzen du Hego Euskal Herriko etxebizitza merkatuan. Urte horretan %12 igo ziren salmentak, INE Espainiako estatistika institutuaren datuen arabera. Bigarren urtea izan da jarraian merkatuak gora egin duela, baina oraindik krisi aurreko mailatik oso behera dago. 2007an jo zuen goia, eta horren erdia saldu ziren iaz.
Urtarrileko datuak argitaratu ditu gaur INEk, eta salmentak indartzen daudela berretsi du. Guztira 1.741 etxebizitza salerosi dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Iazko urtarrilean baino 146 gehiago dira (+%9,1), eta 2014an baino 289 gehiago (+%19,9).
Suspertze hori batez ere bigarren eskuko etxebizitzei dagokie, etxe berri gutxi eraikitzen direlako. Lau etxeetatik hiru erabilitakoak dira, eta haien salmenta %13,4 handitu da iaztik hona. Etxebizitza berriak, aldiz, %2,5 gutxiago saldu dira (416 orotara).
Oso gutxi dira babes ofizialekoak edo erakunde publikoek beste modu batera sustatutakoak: 263 baizik ez (bizitegien %15). Hori bai, iaztik hona zertxobait indartu da etxebizitza politika publikoa, %16 handitu baita haien salmenta.