Ez saldutako kopuruan, ez prezioan. Ez etxe berrietan, eta ez bigarren eskukoetan. Susperraldirik ez da nabari etxebizitzen sektorean. Espainiako Sustapen Ministerioak emandako datuen arabera, 2010ean baino %28,2 etxe gutxiago saldu ziren iaz Hego Euskal Herrian. Beherakada antzekoa izan zen berrien eta bigarren eskukoen artean, hurrenez hurren, %27,6 eta %28,6, hain zuzen ere. Prezioei dagokienez, azken urteetako beheranzko joerak jarraipena izan zuen joan den urtean.
2010eko datuek itxaropena eragin zuten etxegileen eta saltzaileen artean. Izan ere, 2009tik 2010era bitartean %24,4ko gorakada eduki zuten salmentek. Baina, berriro ere behera. Adituen arabera, Espainiako Gobernuak orain gutxi onartutako finantza erreformaren ondorioen zain daude etxea erosi nahian dabiltzanak, uste dutelako erreforma horrek etxeak are gehiago merkatuko dituela.
Aipatzekoa da, bigarren eskuko etxeen kasuan, lau herrialdeetan eta hiruhileko guztietan behera egin dutela prezioek, 2010arekin konparatuta —Nafarroan dago salbuespen bakarra, lehen hiruhilekoan, batez beste, zertxobait garestitu zirelako—. Etxe berrien kasuan joera ez da guztiz berdina. Izan ere, Bizkaian eta Araban garestitu egin ziren etxeak.
Sustapen Ministerioak emandako datuek badute zerikusirik orain bi aste INE Espainiako estatistika erakundeak emandakoekin. Haren arabera, finantza erakundeek 2010ean baino %23 hipoteka gutxiago eman zituzten iaz. Batez besteko mailegua 138.986 eurorena izan zen. Hego Euskal Herrian 2006an jo zuen goia etxea erosteko utzitako diru kopuruak. Bost urte lehenago utzi zuten diru kopuruaren erdia eman zuten iaz bankuek.
Bien bitartean, Euriborrak jaisten jarraitzen du. 56 egunean jarraian egin du behera hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak. Otsailean, 2010eko uztailetik lehen aldiz, hileroko kuotak merkatzeko aukera eman zuen Euriborraren batez bestekoak. Martxoan, ezusteko handirik ezean, are handiagoa izango da jaitsiera. Oraingoz, %1,574an dago batez bestekoa; iazko martxoan, %1,924an amaitu zuen.
Etxeen salmentak %28,2 jaitsi dira 2011n, eta prezioek ere murrizten segitu dute
2010eko datuekin konparatua, etxe berrien salmentak nahiz bigarren eskukoenak egin du behera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu