Etxegarate eta Etxegarai gazta marken erabilera galarazi dute

Izen horiek erabiltzea kontsumitzaileak nahasaraz ditzakeela erabaki du patenteen bulegoak

Erredakzioa
2008ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Amuni enpresak ezin izango ditu Etxegarate eta Etxegarai izenarekin etiketatu gaztak. Espainiako patenteen bulegoaren arabera, marka horiek kontsumitzaileak nahastea eragin dezake. Idiazabal herria Idiazabalgo gazta sor-markak babesten duen eremuan dagoela gogoratu du, eta adierazi du Etxegarate Idiazabalen dagoenez, produktua hangoa dela pentsa dezaketela kontsumitzaileek.

Eusko Jaurlaritzak, Idiazabalgo Udalak eta Idiazabalgo gazta sor-markak berak eskatu zioten patenteen bulegoari ez onartzeko Etxegarate eta Etxegarai izenak. Haien esanetan, gazta mota batek eta besteak ez dutelako zerikusirik.

Martxoan aurkeztu zuten Etxegarate gazta, ekoizleen esanetan bi helbururekin. Alde batetik, hainbat arrazatako artaldeak dituzten abeltzainen eskaerari erantzun nahi zioten, eta bestetik, gazten aurkezpen formatua berritu nahi zuten.Hasieratik gaitzetsi zuten markaren izena Idiazabal gazta egiten dutenek. Haien esanetan, sor-markaren izen ona erabili nahi zutelako marka pribatu bat ezagutarazteko.

Gazta aurkeztu eta egun gutxira, Eusko Jaurlaritzak ere helegitea jarri zuen haren aurka. «Sor-markaren oso antzerako irudia erabiltzen ari da, kontsumitzaileak nahastu nahian edo», adierazi zuen Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza sailburuak.

Hain zuzen, ardien arrazak bereizten ditu bata eta bestea. Gazta bat Idiazabal sor-markakoa izan dadin, esneak latxa edo Karrantzako arrazako ardiarena izan behar du. Bi arraza horiek Euskal Herrikoak dira. Etxegarate sor-markak, ordea, ez dio erreparatzen ardi motari. Ekoizleen arabera, Euskal Herriko abeltzainek ekoitzitako «kalitateko esne guztia» erabiltzen dute. Hau da, esne gehiago ematen duten kanpoko arrazak ere onartzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.