Etxegintzako arriskuak estaltzeak %33 jaitsi du kutxen irabazia

Hiru urtean egin beharreko zuzkidurak urtebetean egin ditu Kutxak, eta horregatik jaitsi dira haren mozkinak %85Hobeto eutsi diote BBK-k eta Vital Kutxak, arrisku gutxiago babestu behar dituztelako

Iturbe, Fernandez eta Zapatero, Kutxabanken administrazio kontseilua osatzeko ekitaldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak eskatutako funts hornidura berriek BBKren, Kutxaren eta Vitalen iazko emaitzak findu dituzte. Kutxarenak batez ere: 10,25 milioi euro bakarrik irabazi zituen iaz, 2010ean baino %85,5 gutxiago. Hiru kutxen emaitzak batuz gero, iaz 2010ean baino %33 gutxiago irabazi zuten, hau da, hiru eurotik bat gutxiago.

Hiru kutxek atzo eman zituzten bakarka egin duten azken urteko emaitzak. Urtarrilaren 1etik Kutxabanken bat eginda ari dira lanean. Espainiako Gobernuaren finantza erreformaren zain zeuden, iazko emaitzetan beharrezko funts hornidurak egiteko eta Kutxabank baldintza berri guztiak beteta abiatzeko. Jakin egin nahi zuten araudi berriak zenbat diru gordetzera behartuko zituen,maileguak ez kobratzeko arriskuari edo aktiboen balioaren galerari aurre egiteko.

Aurtengo urtarrilean, Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak esan zuen «zuhurtzia mugaren gainetik» egin zituztela funts hornidurak. Araudi berriak diru gehiago gordetzera behartu ditu, etxegintzako lurzoru, sustapen eta maileguengatik. Kutxabankek bi urteko epea zuen baldintza berrietara egokitzeko.

Iazko irabaziak apalak izan badira ere, Kutxabankekin irabaziek «hazkunde garrantzitsua» izatea espero dute, negozioaren bidez eta bat eginda gastuak aurreztuko dituztelako, ehun milioi euro inguru.

BBK

BBK Taldeak —BBK eta Cajasur— 220,2 milioi euro irabazi zituen iaz, 2010ean baino %14,6 gutxiago. CajaSurrek irabaziak izatea lortu du, 2,9 milioi euro iaz. 180 milioi euro gorde ditu etxegintzako aktiboen arriskuei aurre egin ahal izateko. Aipatu du arrisku zehatzetarako funts hornidurak «legeak eskatutako gutxienekoen gainetik» daudela eta funts generikoak %125ekoak direla, «legeak baimentzen duen maila gorena».

BBKren berankortasun tasa apala da, %2,90ekoa. Hala ere, CajaSur aintzat hartuta, oso altua, %8,85ekoa. Iaz pixka bat gutxitzea lortu zuen.

Hazkunde nabarmena izan du BBK Taldeak komisioetan bildutako diruak. Iaz 207,9 milioi euro jaso zituen komisioetan, 2010ean baino %41,1 gehiago.

82 milioi eurotik gora inbertitu zituen iaz gizarte ekintzan. Gizarte erakundeei eta ekintzaileei 19,7 milioi eman zizkieten mailegu bigunetan, eta programa horiek 191 lanpostu sortu zituzten.

Kutxa

Kutxak 10,25 milioi euro irabazi zituen iaz, 2010ean baino %85,5 gutxiago. 2010eko irabaziak ere 2009koak baino %32,7 txikiagoak izan ziren. Urte oparoagoekin alderatuz gero, jaitsiera are handiagoa da. Kutxaren irabaziek goia jo zuten 2007an. 215 milioi euro irabazi zituen orduan.

Zerk eragin du halako jaitsiera? Guztira, 195,4 milioi euroko funts hornidura egin duela. Kopuru horretatik zati handiena Valle Romano luxuzko sustapenari dagokio, Esteponan (Malaga, Espainia). 150 milioi eurotik gora gorde behar izan ditu Valle Romanok eragin dezakeen zuloa estaltzeko. Hasieran, kutxaren esku zegoen sustapenaren erdia, baina gero sustapen osoa hartu behar izan zuen bere gain, bazkideek zegokien zatia ordaindu ez zutelako. Kutxak bi edo hiru urtean egin nahi zuen Valle Romanoren funts hornidura, baina bat egitearen ondorioz urtebetean egin behar izan du.

Hala ere, iaz egindako funts hornidurak ez dira salbuespena. 2009an eta 2010ean ere 200 milioi euroko funts hornidurak egin zituen.

Kutxak ezohiko diru sarrerak baliatu ditu funts horniduren erdia egiteko. Banco Madrid salduta eta bestela lortutako 95,7 milioi euro erabili ditu horretarako. Ezohiko diru sarrerarik gabe ere beste diru iturri batzuekin aurre egingo liekeela esan diote Kutxako iturriek BERRIAri. Alegia, ez lukeela galerarik izango. %4,04ko berankortasun tasa du.

Kutxak esan izan du irabazien jaitsierak ez duela eraginik izango gizarte ekintzan, horretarako konpromisoa eta dirua bermatuta baitu. Iaz, gizarte ekintzan 79,5 milioi euro inbertitu zituen. Diru horrekin 3.005 jarduera babestu zituen.

Vital

Vital kutxaren irabaziak %62 jaitsi dira 2010etik 2011ra. Iaz, 14,7 milioi euro irabazi zituen. Vitalek ere funts hornidura garrantzitsuak egin behar izan ditu finantza erakundeen araudi berrira egokitzeko, 52,76 milioi eurokoak (2010ean baino %2,41 gehiago). Estalita dauzka zalantzazko maileguen erdiak baino gehiago: %56,37. Vitalek %4,8ko berankortasun tasa du, duela urtebete baino ia puntu bat handiagoa.

Aldagai gehienek hazkunde edo jaitsiera apalak izan dituzte: gordailuak %0,97 hazi dira, eta emandako maileguak %1,08 jaitsi.

Vitalek 16,751 milioi euro eman zituen iaz gizarte ekintzara, 2010ean baino %33 gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.