Etzi Madrilen egingo den manifestazioarekin bat egitera deitu du EHNEk

Hondamendi egoeran daudela diote: batez beste, errenta %26 jaitsi eta produkzio kostuak %34 igo zaizkie

joxerra senar
Iruñea
2009ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Etzi, Madrilen, COAG, ASAJA eta UPA nekazaritza sindikatuek deituta duten manifestazioan 100.000 nekazari eta abeltzain biltzea espero da. Nekazaritza txirotzen ari da, mugitu lelopean eginen dute protesta, eta EHNEk bat egingo duela jakinarazi du. Leloak «suntsigarria» badirudi ere, erreala dela nabarmendu du Fermin Irigarai Nafarroako EHNEko presidenteak. Izan ere, ekonomiako beste sektoreek bizi duten krisi orokorrari gaineratu behar zaio iragan hiru urtetik hona abeltzain eta nekazariek duten egoera. «Prezioen krisiak gogor jo gaitu, eta nekazaritza txirotzen ari da», ohartarazi dio gizarteari.

Horregatik, Erriberatik Baztaneraino gaur Nafarroako hainbat eskualdetan 11:00etatik 13:00etara bitartean egingo diren mobilizazio eta lanuzteetara joateko eskatu die baserritarrei Irigaraik. Etzi, berriz, «esfortzu bat egin» eta Madrilera joateko beharra ere nabarmendu die. Autobusak antolatu dituzte horretarako.

«Inoiz bizi izan dugun krisirik handiena da», adierazi du EHNEko Mikel Alzuartek. Datuak argigarriak dira. Batetik, azken bost urteetan nekazarien errentek %26 egin dute behera. Bestetik, produkzio kostuak batez beste %34 handitu dira, eta honez gero nekazarien errentaren %86ra iritsi dira. Egoera hori dela-eta, Nafarroan azken bost urteetan asko gutxitu da etxaldeen kopurua: 16.200 etxalde ziren lehen, eta 11.400 orain. Lehen sektoreko langabezia ere nabarmen igo da: iazko lehen hiruhilekoan 200 langabe izatetik 1.200 izatera iragan dira.

Horrez gain, beren produktuen truke eskuratzen duten dirua %30 jaitsi da batez beste. EHNEren arabera, prezioen jaitsierak sektore guztiei eragin die, «baita orain arte hain gaizki ez zeudenei ere» , hala nola zerealak, barazkiak eta fruituak. «Sektorea txirotzen bada, baserritarrak are abiadura handiagoan desagertzen joango dira», ohartarazi du, eta horrek landaguneetan zein ingurumenean eragingo duela esan du.

Egoerari aurre egiteko zortzi puntuko proposamena egin dute manifestazioaren antolatzaileek: bidezko prezioak, eguneroko produktuen «gardentasun handiagoa» prezioetan, BEZ egokia sektorearentzat eta finantzaketa planak.



Mobilizazioak

Araba. Bihar: 10:30etik aurrera traktoreekin Gasteizen; 12:00etan elkarretaratzea Lakuan.

Bizkaia. Bihar: 11:30ean Karrantzan, kooperatiba aurrean; 11:00etan, Gernikako Lurgorrin; 11:00etan, Matienako Eroskin.

Nafarroa. Bihar: 11:00etan: Sartagudan, Cortesen, Fustiñanan, Dorren, Urrotzen, Deierrin, Allon, Irurtzungo gasolindegian, Garraldan eta Baztanen kooperatiba aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.