finantzak

Euriborra negatiboan, lehen aldiz

Diruaren prezio ofizialaren azpitik jarri da, -%0,002an

Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 5a
12:35
Entzun

Urtarrilean batez beste %0,042an geratu zen Hego Euskal Herrian mailegu hipotekario gehienak kalkulatzeko erabiltzen den tasa, hamabi hilabeteko Euriborra. Ipar Euskal Herrian ohikoagoak dira interes finkoko maileguak.

Otsaileko lehen bost egunetan tasa hori %0,005era jaitsi da. Beherantz jarraitzen duenez, litekeena da hilabeteko batezbestekoa -hori da kontuan hartzen dena— negatiboa izatea. Euroguneko bankuek elkarri ematen dizkieten maileguen batezbestekoa da Euriborra. Hamabi hilabeteko maileguen erreferentzia da hipotekak kalkulatzeko baliatzen dena, baina badaude beste Euribor batzuk ere, hiru, sei edo bederatzi hilabetekoak adibidez. Guztiak negatiboan daude aspaldi.

Adituen arabera, martxoko bileran Europako Banku Zentralak ekonomia sustatzeko iragarriko dituen neurri berriek eragin dute azken asteotako jaitsiera. Nekez jaitsiko ditu interes tasa ofizialak oraingo mailatik —%0,05ean daude—, baina baliteke EBZk diru gehiago kobratzea bankuei bere kutxetan dirua uzteagatik. Gaur egun %0,03ko interesa ordaindu behar diete bankuek EBZri egun batetik bestera sobran duten dirua banku zentralean uzteagatik; baliteke

Negatiboan izateak ez du esan nahi bankuari mailegua ordaindu beharrean hark dirua itzuliko duenik. Batetik, hitzartutako hipoteka guztietan Euriborrari diferentziala ezartzen zaiolako, hau da, Euriborraz gain ordaindu beharreko interes tasa bat. Gaur egun zaila da Euribor +%0,5tik beherako eskaintzarik lortzea, baina mende hasieran etxe  salmentak goia jo zuen urteetan, oso ohikoak bilakatu ziren Euribor +%0,25 edo are txikiagoak. Hau da, Euriborrak maila horretaraino jaitsi beharko lukeela bankuak dirua itzultzen hasteko.

Orduan ere interesei dagokien atalari soilik eragingo lioke tasa negatiboak, eta bezeroak zorraren zatia berdin ordaindu beharko luke. Maileguaren bizitza aurrera doan heinean gehiago da kitatzen den zorra eta gutxiago interesei dagokien atala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.