Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak su eman zion herenegun Euriborraren suziriari, eta Euriborrak goranzko bidea hasi zuen atzo, tximistaren abiaduran. Urtebeterako Euriborraren eguneko kotizazioa herenegungo %1,78tik atzoko %1,924ra pasa zen. Igoera, oinarrizko 14,4 puntukoa, egun batetik bestera izan duen handiena da 2008ko ekainetik; portzentajean neurtuta, berriz, %8,09koa, inoizko handiena.
EBZk apirilean interes tasak igotzea «posible» dela esan zuen herenegun Trichetek. Berez, adierazpen orokorregia da, baina ohi baino zehatzagoa Tricheten ahotan. Are gehiago aintzat hartuta EBZk 22 hilabete daramatzala —2009ko maiatzetik— diruaren prezioari %1ean eusten. Ez dela igoera handia komeni aipatu zuen Trichetek. Igoera 0,25 puntukoa izango dela ondorioztatu dute adituek.
Euriborraren eguneko kotizazioak atzo halako jauzia emateak ez du esan nahi datozen asteetan ere pareko gorakadak izango dituenik; baina bai, ziurrenik, hurrengo asteetan igoera aurrekoetan baino handiagoa izango dela. Hipoteka mailegu aldakorrak dituztenek aintzat hartu beharreko kontua, Euriborra baita hipoteka horietako gehienetan erabiltzen den erreferentzia.
Dena dela, nabarmendu behar da Euriborrak sekulako beherakada izan zuela 2009an, eta inoizko maila apalenetan egon dela azken bi urteetan.
Otsailean Euriborraren goranzko joera azkartu egin zen. Otsaileko batez bestekoa %1,714koa izan zen; martxoan, lehenengo lau egunetako kotizazioak bakarrik aintzat hartuta, %1,813koa. Herenegun %1,924ra iritsi zen arren, aurreko hiru egunetan ez zen %1,8ra iritsi.
%10 inguruko igoera
Goranzko joerari eusten badio eta martxoaren amaieran Euriborraren batez bestekoa %2koa bada, hipoteka martxoko batez bestekoaren arabera berraztertuko dutenek —apirilean edo maiatzean tokatzen zaienek— igoera nabarmena izango dute hileroko kuotan: %10ekoa, 60 euro inguru, 160.000 euroko hipoteka mailegu batean, %0,5eko diferentzialarekin eta 30 urtean bueltatu beharrekoa. Urte osoa aintzat hartuta, 720 euro gehiago. Hipoteka horren kasuan, bueltatzeko 10-50 urteko tartea hartuz gero, igoera %3,7-12,6 artekoa da, 56-70 euro gehiago hilean.
Hipoteka mailegua martxoko indizearen arabera berraztertu behar dutenek beste faktore bat hartu behar dute aintzat: iazko martxoko batez bestekoa %1,215ekoa izan zen, inoizko apalena.
EBZk interes tasak igotzeko aukerak aldeko eta kontrako iritziak sortu ditu. Aldekoek diote euroguneko ekonomia sendotu dela eta jada ez duela behar hain diru merkea; kontrakoek, aldiz, uste dute ekonomiak ahul jarraitzen duela eta interes tasak igotzean hazkundea oztopatuko dela.
EBZk apirilean interes tasak igotzen baditu eta igoeraren kontrakoek arrazoia badute, gerta daiteke EBZk atzera egin behar izatea. 2008an egin zuen. Urte hartako uztailean, Ameriketako Estatu Batuetako Lehman Brothers bankuak porrot egin baino hilabete batzuk lehenago, interes tasak igo zituen, %4tik %4,25era; urrian, ordea, jaitsi egin behar izan zituen eta jaitsiera etengabea hasi zuen, gaur egun indarrean dagoen %1eraino.
Euriborra, urratsetatik jauzira
Hipoteken erreferentzia nagusiak egun batetik besterako igoera handiena izan du, Tricheten mehatxuaren biharamuneanGoranzko joerak jarraitzen badu, martxoko igoera azken urteetako handiena izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu