Hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea, Euriborra, jaitsi egin da irailean ere: %2,67an bukatuko du hilabetea. Hipoteka maileguak, ordea, garestitu egingo dira hamairugarren hilabetez jarraian, indizea iazko iraileko mailatik gora dabilelako (%1,42). Hala, datozen egunetan etxebizitza pagatzeko batez besteko mailegu bat berrikustea tokatzen zaionak —160.000 euro 30 urtean itzultzeko eta %0,5eko diferentzialarekin— hilean 634 euro pagatu beharko dizkio finantza erakundeari, orain arte baino 53 euro gehiago. Dirua denbora gutxiagoan bueltatu behar dutenek garestitze txikiagoa antzemango dute, eta alderantziz.
Urtea igoera indartsuekin hasi zuen Euriborrak, Europako Banku Zentralak euroguneko interes tasak igotzeko aurreikuspena zegoelako. Eta halaxe izan zen. Orain, ordea, ekonomiaren bilakaeraren inguruko usteak ez dira batere baikorrak, hazkundea espero baino gehiago moteldu delako, eta diruaren prezioa igotzeak moteltze hori areagotu egingo luke. Horregatik, EBZk interestasak ez dituelako igoko —orain %1,5ean daude—, Euriborrak ere utzi egin dio igotzeari.
Hala ere, ez dago batere argi EBZk zer erabakiko duen hurrengo bileran. Badira uste dutenak interes tasak jaitsiko dituela hazkundeari bultzada bat eman eta kontsumoa indartzeko. Baina estrategia horrek kontsumo ondasunak garestitu ohi ditu normalean, eta euroguneko inflazioari buruzko azken datuek ez dute horretarako tarterik uzten. Eurostaten arabera, irailean %3ra iritsi da euroaren eremuko inflazioa, EBZk egokitzat jotzen duen %2tik gora.
Ikusteko dago, beraz, zer erabakitzen duen EBZk datorren osteguneko bileran: hazkundea indartzeko interes tasak jaistea edo prezioei egonkor eusteko daudenean lagatzea. Jean Claude Trichetek, gainera, azken bilera izango du EBZko presidente karguan. Mario Draghi italiarrak hartuko du haren lekua.
Euriborrak igotzeari utzi arren, hipotekak garestitu egingo dira
Euroguneko inflazioa %3ra iritsi da irailean, eta interes tasei buruzko erabakia zaildu dio EBZri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu