BEZa, erregaia, argindarra, lehengaiak... eta orain Euriborra. Urtarrileko malda ohi baino tenteagoa izaten ari da herritarrentzat: prezioak soldatak baino gehiago garestitzen ari dira, eta Euriborra ere igotzen ari da, hileroko kuotak garestituz. Diru gutxiago, beraz, lehendik ere diru gutxi zuten herritarren poltsikoetan.
Amaitu da prezio igoera txikien eta hipoteka maileguen kuotak jaisten ziren garaia. Atzoko datuak ikusita, estatistiketan urrun joan behar da pareko zenbakiak topatzeko: urtarrileko inflazio aurreratua %3,3koa izan da, 2008ko urritik izan den altuena; urtebeterako Euriborra, berriz, %1,550ekoa, 2009ko ekainetik izan duen tasa gorena.
Euriborraren kasuan, hipoteka maileguak urtarrileko indizean oinarrituta berrikusten dutenek 300 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hurrengo urtera arte. 160.000 euroko eta %0,5eko diferentziala duen hipoteka baten kasuan, 20-30 euro gehiago hilean, 240-360 urtean. Beti ere hipoteka itzultzeko hitzartutako epearen arabera: zenbat eta epe luzeagoa, garestitze handiagoa. Urtebetean Euriborra hiru hamarren igo da, iazko urtarrileko %1,232tik aurtengo %1,550era.
Abuztuan amaitu ziren kuoten merkatzeak. Hipoteka mailegua abuztuko Euriborrarekin berrikusi zutenei kuotak garestitu egin zitzaizkien, gutxi bazen ere, bi urtean lehen aldiz. Goranzko joera etengabea izan da ordutik.
Eta hala jarraituko duela diote guztiek. Igotzen. Baina igoeraren erritmoa espero baino azkarragoa izan daiteke, Europako Banku Zentralak (EBZ) hartzen dituen erabakien arabera.
EBZri begira
EBZk %1eko interes tasari eutsi dio 2008ko ekainetik, historiako tasa apalena; baina Jean-Claude Trichet erakundeko presidenteak diruaren prezioa igotzeko aukera aipatu du, aspaldiko partez, inflazioak %2ko muga gainditu duelako Europan: urtarrileko datu aurreratua %2,4koa izan da eurogunean, abenduan baino bi hamarren gehiago. Eta EBZk finantza erakundeei dirua garestiago uzten badie, finantza erakundeek ere garestiago utziko diote elkarri —Euriborrak gora egingo du— eta baita herritarrei ere. Dena den, urrun dago 2008ko %5eko Euriborra.
EBZ etzi egingo du hileroko bilera, baina ez da interes tasaren igoerarik espero; bai, ordea, aurten igotzea.
Euriborraren urtarrileko igoerak ez die eragingo ez hipotekan zoru klausula sinatu zutenei ez beste indizeren batean oinarrituta daukatenei. Euriborra da hipoteka maileguak kontratatzean erabiltzen den indize nagusia—lau hipotekatik hirutan—, baina ez da indize bakarra. Badira hipoteka IRPH indizeetan oinarrituta dutenak, eta horiek %2,5etik gorakoak dira.
Prezioak gora
Euriborrarena nahikoa ez, eta Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) urtarrileko inflazioaren datu aurreratua eman zuen, lehen aldiz (15ean emango du behin betiko datua): prezioak %3,3 garestitu dira, abenduan baino hiru hamarren gehiago, 2008ko urriko %3,6tik izandako inflazio altuena. Neurri handi batean argindarraren prezioaren igoeragatik, batez beste %9,8 garestitu baita urte hasieran. Argindarraz gain, elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioak igo dira gehien.
Eta petrolioa. Petrolioaren eraginez, erregaiak. Eta erregaien eraginez, kontsumo produktu gehienak.
Euriborrak urtarrileko malda gogortu egin du herritarrentzat
Hipoteka urtarrileko indizean oinarrituta berrikusten dutenek 200-300 euro gehiago ordaindu beharko dituzte urteanUrtarrilean inflazioa %3,3koa izan da, argindarraren garestitzearen eraginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu