Egunetik egunera behera jarraitzen du Euribor indizeak. Eguneroko tasa inoizko mailarik txikienean da, %0,897 kotizatuta. Iaz garai berean, %2,067koa zen. Era horretan, erabiltzen hasi zirenetik —orain dela hamar urte sortu zuten—, lehen aldiz izan da %0,9tik behera. Hamabost egunez jarraian %1etik behera dago.
Hilabeteko batez bestekoa ere behera ari da egiten. Ekainetik uztailera hamarren bat egin zuen behera, eta, oraingoz, behin-behineko tasa %0,919an dago. Hori horrela, eta hilabetea tasa horretan amaituko balu, hilabeteko batez bestekoa inoizko apalena izango litzateke. Uztailekoa %1,061ekoa zen.
Beherako bidean
Euriborra da hipotekak kalkulatzeko erabiltzen den indize nagusia, baita hainbat mailegu kalkulatzeko ere. Aurreikuspenak betez gero, datozen hilabeteetan ere behera egingo du, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasak jaistea espero baita. Interes tasa egun %0,5ean da, eta tasa horren araberakoa izaten da Euriborraren joera.
Indize hori jaisteak hipotekagatik hilabetean ordaindu beharrekoa merkatzea dakar. Esaterako, uztaileko batez bestekoarekin hogei urterako hipoteka berritu behar dutenei mailegua %10 inguru merkatuko litzaieke, batez beste; 25 urtekoa dutenei, %12; eta 30 urtekoa dutenei, ia %14. Tasak jaisten jarraitzen badu, oraindik ere gehiago merkatuko zaizkie maileguak.
Euriborraren eguneroko tasa %0,9tik jaitsita, inoizko mailarik txikienean da
Urtebetean puntu oso bat baino gehiago galdu du, eta abuztuko behin-behineko batez bestekoa %0,919 da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu