Eurobonuak, Europak muzin egiterik ez duen eztabaida

OCDEren eta NDFren babesarekin, Hollandek berriro ere mahai gainean jarri du euroaren zor bateratua

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz baztertu ditu Alemaniak, eta hamaika aldiz berragertu dira. Eurobonuak dira, Euroguneak bizi duen zorraren krisirako irtenbide logikoa batzuen- tzat, batzuek hartu dituzten arriskuak besteei ordainarazten dien formula besteentzat. Bezperan OCDEren eta NDFren sostengua jaso ondoren, eurobonuak EBren mahai gainean jarri zituen atzo François Hollande Frantziako presidenteak, eta berriro entzun zuen oraindik ez dela haien garaia iritsi.

Hona eurobonuen inguruko hainbat xehetasun:

1. Zer dira eurobonuak?

Euroguneak jaulkiko lukeen zorra da. Hau da, estatu bakoitzak bere altxorraren bidez merkatuetan dirua eskatu beharrean, eurogune osoak eskatuko luke, altxor bateratuaren bidez. Euroa darabilten hamazazpi herrialdeek inbertsiogileek uzten dieten diru hori erabiliko lukete euren burua finantzatzeko.

2. Zer abantaila dituzte?

Gaur egun merkatuetan dirua lortu ezin dutenek —Greziak, Irlandak eta Portugalek— edo haren truke interes tasa handia pagatu behar dutenek —Espainiak edo Italiak—, beren burua merkeago finantzatu ahal izango lukete. Esaterako, Espainiak orain %6ko interesa ordaindu beharrean—hamar urteko bonuan—, horren erdia edo gutxiago pagatu beharko luke, eta interesetan gastatzen ez dituen dirua beste gastu batzuetarako erabiliko luke.

3. Zergatik izango lirateke merkeagoak?

Herrialde boteretsuen bermeagatik. Gaur egun inbertsiogileak prest daude Alemaniaren zorraren truke interes txikia jasotzeko, dakitelako Alemaniak kosta ahala kosta itzuliko diela. Eurobonuen ideia da guztiak Alemaniak eta haren ingurukoek ematen duten segurtasunaren bermea baliatzea. Bada beste arrazoi bat: eurobonuen merkatuak diru asko mugituko lukeenez, zailagoa lukete gutxi batzuek harekin espekulatzea etekin bizkorrago baten bila.

4. Zer desabantaila dute?

Beren kontuak txukun dituzten estatuek —edo inbertsiogileen susmoak eragiten ez dituztenek— gehiago pagatu beharko luketela beren burua finantzatzeko. Hau da, oso zaila izango litzaiokeela orain arte bezala Alemaniari %1,5eko interesa pagatzea, baldin eta eurobonu horrek mesfidantza handiagoa eragiten duen herrialde bat ere estali behar badu; Grezia edo Espainia, esaterako. Ifo institutuak kalkulatu zuenez, Alemaniak 47.000 milioi euro gehiago pagatu beharko lituzke urtero. Beste desabantaila bat da kutsatzeko efektua euroguneko herrialde guztietara hedatzeko aukera dagoela.

5. Zer argudiatzen du Alemaniak?

Ofizialki eta jendaurrean, Berlingo gobernuak ez du esaten eurobonuen aurka dagoela bere finantzaketa garestitzen duelako. Horren ordez, nabarmentzen du halako tresna batekin larri dabiltzan estatuek ez dutela bultzadarik izango beren desorekak konpontzeko, erabaki gogorrak finantzaketa merkearen bidez atzeratu ahal izango dituztelako. «Gurdia idien aurretik jartzea izango litzateke», dio Merkelek.

6. Zer beste eragozpen dute?

Alemaniak behin eta berriro gogorarazi du gaur egungo Europako Batasunaren Itunaren arabera, eurobonuak ez direla posible, eta arrazoi du. Itun horren 125. artikuluak dio estatu kideek ez dutela onartuko beste herrialde bateko gobernuen edo beste administrazioen erantzukizunik. Eurobonuak halakoak lirateke, bermatzaile gisa eurogune osoa azaltzen delako. Hau da, estatu batek ez balu eurobonu hori pagatuko, erantzulea eurogune osoa izango litzateke. Berme horrek ekarriko luke, teorian, bonu horren truke interes gutxiago ematea. Hortaz, eurobonuak onartzeko prozesu politiko luze bat abian jarri beharko litzateke: itunaren aldaketak negoziatu beharko lirateke, eta gero herrialdez herrialde onartu. Horrek, herrialde batzuetan erreferenduma eskatzen du, agintariek kontrolatzerik ezin dituzten emaitzekin. Horregatik ere eurobonuak ez dira epe laburreko konponketa, epe luzekoa baizik.

7. Zer dio Bruselak?

Eurobonuen aldekoa da, eta baten beharrean, hiru proposamen propio egin zituen azaroan. Aukera handizaleena da estatuek jaulkitako zor guztia eurobonu bihurtzea. Erdibidekoa, berriz, estatu bonuen zati bat eurobonuen bidez ordezkatzea da; esaterako, BPG barne produktu gordinaren %60ra arteko zorra eurobonuen bidez finantzatuko litzateke, eta hortik gorakoa norberaren tituluen bidez. Azken finantzaketahori garestiago izango litzatekeela uste du Batzordeak, eta horregatik estatuek beren burua behartuko luketela zorra kontrolatzera. Azken aukera da indarrean jartzeko errazena, ez duelako Itunaren aldaketa eskatzen: zorraren zati bat euroguneko estatuek batera jaulkiko lukete, eta bakoitzak behar duena erabiliko luke. Aukera horretan, bakoitzak erabiliko lukeen zorraren zatia bermatuko luke.

8. Zer dio Espainiako Gobernuak?

Nahiz eta Espainia izango litzateke eurobonuen onuradun nagusietako bat, Madrilgo agintariek ez dituzte jendaurrean eskatzen. Horrek ez du esan nahi nahi ez dituztenik, baizik eta Raxoi epe motzarekin dagoela estututa. Jakinda eurobonuak ez direla aurki iritsiko, Raxoik nahiago izan du Merkelen ortodoxiarekin bat egin, hark EBZri presio egin diezaion Espainiaren zorra eros dezan, eta bankuei likidezia gehiago eman diezaien.

9. Noizbait iritsiko al dira?

Baliteke. Ikusteke dago noiz arteko eutsiko dioten presioari Alemaniak eta AAA hirukoitzeko bere aliatuek —Finlandia, Herbehereak, Austria...— , batez ere herrialde periferikoen zorraren gaineko presioa arintzen ez bada, Espainiak eta Italiak pott egiteko arriskuan jarraitzen badute, eta euroak berak kolokan segitzen badu. Baina eurobonuak onartu aurretik Europa alemaniarragoa eskatuko dute: diziplina fiskal handiagokoa, eta zerga politika eta politika ekonomiko bateratuagoa orain baino. Ildo horretatik urratsak egiteko prest azaldu da Berlin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.