Ekonomia

Eurogunea %0,3 hazi da 2013ko azken hiruhilekoan

Alemaniako BPGa %0,4 hazi da, eta Frantzia ere hazkundearen bidean sartu da berriro, %0,3rekin. Haiek igoarazi dute diru bakarreko eremuko herrialdeen ekonomia.

xabier martin
2014ko otsailaren 14a
11:53
Entzun

2013ko azken hiruhilekoak hazkundearen abiadura pixka bat azkartzea ekarri du. Eurogunearen barne produktu gordina %0,3 hazi da, eta kopuruak argi utzi du krisia gainditzeko bidean poliki doazela estatuak aurrera, inflazio txikiak eta langabezia handiak zama nabarmena direla oraindik, alegia. Europako motorrak, Alemaniak, aurreikuspenak gainditu ditu 2013a itxi duen hiruhilekoan, eta %0,4 hazi da, esportazioei esker batez ere; eta Frantziak, berriz, hazkunderako bidean sartu dela berretsi du, BPGa %0,3 igota. Kontsumoa areagotu da François Hollanderen herrialdean, eta inbertsioak ere bere kopuruak hobetu ditu.

Dena den, aurreko hiruhilekoan baino datu hobea izanda ere —%0,1 hazi zen eurogunea—, hazkundeak urte amaierako epe horretan ez du ospakizun handietarako tarterik eman. Eurostatek eman dituen datuek argi erakusten dute Alemaniak eta Frantziak igoarazi dutela diru bakarra erabiltzen duten herrialdeen BPGa. Alemaniaren lokomotora abiadura hartzen doa; 2012ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, %1,3 egin du gora hango BPGak. Kanpo merkataritzak hobekuntza izan du Angela Merkelen herrialdean, eta inbertsio publikoari bere horretan eutsi diote aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Kontsumo pribatuak behera egin izanak ez du zamatu hazkudea igotzea.

Frantziaren hazkundearen arrazoiak beste batzuk dira. Hain justu, kontsumo pribatuak igoarazi du BPGa iazko azken hiru hilabeteetan (%0,3), baina bereziki inbertsioaren itzulerak eragin du datu ona. Bi urteko gainbehera eten da inbertsioen atalean Frantzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.