MAKROEKONOMIA

Eurogunea %1,5 hazi zen iaz

Grezia eta Finlandia soilik daude atzeraldian

Grezia eurogunearen eta Europako Batasunaren barruan mantentzeko eskatzeko manifestazioa Atenasko Syntagma plazan. YANNIS KOLESIDIS  / EFE
Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 12a
13:57
Entzun

Eurostaten lehen estimazioen arabera, euroaren eremua osatzen duten hemeretzi estatuek hazkunde erritmoari eutsi diote urtearen amaieran. Urteko hirugarren hiruhilekoan %0,3 hazi ziren —aurrekoarekin alderatuz gero—, eta tasa horretan laugarrenean ere. Horri esker urteko azken hiruhilekoan barne produktu gordina %1,5 handiagoa zen urtebete lehenago baino.

Europako Batasun osoa ere %0,3 hazi zen hiruhilabete arteko tasan, eta %1,8 urte artekoan.

Irlanda da EB osoan bizkorren hazten ari den herrialdea. Azken hiruhileko datua falta da, baina aurrekoan %6,8ko erritmoan ari zen hazten. Haren atzetik datoz Luxenburgo (%5,4). Txekiar Errepublika (%4,5) eta Eslovakia. Ekonomia handienen artean Espainiak eman ditu emaitzarik onenak, %3,5eko hazkundearekin, eta oso urruti ditu Erresuma Batua (%1,9), Alemania eta Frantzia (%1,3), eta Italia (%1).

Bi herrialde baizik ez daude atzeraldian: Grezia (-%1,9 urte arteko tasan) eta Finlandia (-%0,2).

Euskal Herrian ere hazkundea %3ren bueltan dabil. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa %2,8 hazi ziren iaz, eta Nafarroa, berriz,  %3,1.

Gorabidean dauden herrialde batzuren krisiak eta merkatu urduriek arrisku handiak sor ditzaketela onartuta ere, aurten eta datorren urtean EBko ekonomia are bizkorrago haziko dela iragarri zuen joan den astean Europako Batzordeak: %1,7 eta %1,9 hurrenez hurren eurogunea, eta %1,9 eta %2 Europako Batasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.