Frantzia eta Alemania proposamen bateratu batekin joango dira datorren astean eurogunearen geroa eztabaidatu behar duen Europar Kontseilura. Diru batasunean dauden beste hamazazpi estatuen oniritzia jaso beharko dute adostutakoa indarrean jartzeko.
Mesebergen (Alemania) egindako bileran, Angela Merkel Alemaniako gobernuburuak eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adostu dute euroguneak bere aurrekontu propioa izango duela, Europako Batasun osoaren aurrekontuaren "paraleloa" izango dena. Aurrekontu horren xede nagusia izango da eurogunean dauden estatuen arteko desberdintasun ekonomikoak txikitzea, EBren hizkeran "bateratzea" deitutakoa.
Bi agintariek ez dute zehaztu zenbatekoa izango den aurrekontu hori. Pentsatzekoa denez, handia izateko bultzatuko dute Europa hegoaldeko eta ekialdeko herrialdeek, eta txikiagoa, berriz, iparraldekoek. 2021ean da indarrean jartzekoa. Zehaztasun gehiegi ez emateko beste arrazoi bat ere eman du Merkelek: "Asko zehaztuko bagenu, beste kide batzuek eragozpenak jar ditzakete".
Bien agendan
Aurrekontu propioarena Macronen eskaeretako bat zen, eta Merkelek, erresistentzia handiaren ondoren, azkenean onartu egin du. Bien agendan bazuen lekua, ordea, gaur adostutako beste neurri nagusiak: euroguneak bere NDF (Nazioarteko Diru Funtsa) propioa izatea.
Gaur egun zailtasunetan dauden herrialdeak laguntzeko dagoen erreskate funtsa —ESM, Europako Egonkortasun Tresna— izango da euroguneko diru funtsaren sorburua. Krisi garaietan laguntza behar duten herrialdeak "egonkortzeko" balioko du, eta "likidezia arazoei aurre egiteko". Ikusteko dago zer baldintza bete beharko dituzten funts horren dirua baliatu nahi dutenek, Alemaniaren baldintza izan baita dirua nahi dutenekin zorrotz jokatzea. Halaber nahi du Europako Batzordeak ez izatea zerikusirik funts horrekin eta independentea izatea, Brusela presio politikoen aurrean men egiten duelakoan.
"Eurogunerako aurrekontu bat sortzea babesten dugu. Aurrekontuak indarrean sartu behar du NDFren irudira eratuko den funtsarekin paraleloan, estatu kideen egonkortasuna lortzeko", adierazi du Merkelek. Eurogunearen aurrekontuak Europako Batasunaren inbertsioak laguntzeko ere balioko duela ziurtatu du. Merkelek politika ekonomikoak bateratzearen garrantziaz ohartarazi du, halaber.
Europako Batasuna erreformatzeko neurriak aurkeztu nahi dituzte bi mandatariek elkarrekin, ekainaren amaieran, Europako Batasuneko estatu kideek Bruselan egingo duten hurrengo goi bileran.