Euroaren etorkizuna bermatzeko E eguna behar zuen gaurkoak. Zorraren krisiari behingoz neurria hartu eta konpontzeko bidean jartzeko hitzordua. Haatik, Europako buruzagi politikoen goi bilera hurbildu ahala, zalantzak geroz eta handiagoak dira. Bezperan, gutxienez, akordioaren eduki nagusiak erabat adostu gabe daude oraindik, eta baliteke xehetasun guztiak ikusi arte zenbait egun igarotzea.
Urriko goi bilera erabakigarria izango zela agindu zuten buruzagi politikoek, eta sortutako ikusmina iragarpenaren parekoa da. Europako agintariek mundu osoko kapital merkatuak begira dituzte. Haatik, atarikoek agerian utzi dute adostasuna eraikitzeko dauden arazoak, eta bilerak berak izan dituen atzerapen ezberdinek Alemaniaren eta Frantziaren arteko lehia azaleratu dute.
Urduritasuna berriro agertu zen atzo arratsaldean. EBko txandako lehendakariak, Poloniak, gaurko iragarrita zegoen EBko finantza ministroen bilera egingo ez zela jakinarazi zuen. Bilera guztiak bertan behera geratuko ote ziren susmoa azkar zabaldu zen, eta kontinenteko burtsak gorrira pasatu ziren, berriro ere krisiaren aurkako estrategian EBk porrota egingo zuen beldur.
Azkenean, parterik garrantzitsuenean programak iragarrita zegoen bezala jarraituko du. Arratsaldeko seietan EBko 27 herrialdeetako gobernuburuen bilera hasiko da, eta ordubete geroago, eurogunekoen premiazko batzarra. Aldez aurreko finantza ministroen bilera bertan behera geratu izanari azalpen laburra eman zion Bruselak: gobernuburuen arteko akordioa behar da lehenik eta behin, edozein xehetasun finkatu aurretik. Hortaz, baliteke premiazko goi bileran neurri orokorrak hitzartzea, eta ondoren finantza ministroen arteko beste topaketa bat behar izatea azken xehetasunak fintzeko.
Alemanian, goizean
Bruselan gertatuko denaren aurrerapena Berlinen egongo da goizean. Europako Finantza Egonkortasunerako Funts (EFSF) eraberrituari buruz bozketa du Bundestagek. Zorraren krisia amaitzeko estrategiaren giltzarria da funtsaren erabilera handitzea, eta diputatuen oniritzia lortu nahi du Angela Merkelek beste gobernuburuekin batzartu aurretik. EFSFk aurrera begira izango dituen ahalmen eta zeregin berrien inguruan azalpenak ematea espero da saio horretan.
Dagoeneko zenbait datu aurreratu ditu kantzilerrak. Esaterako, funtsaren finantza ahalmena bilioi bat eurora iritsiko dela aurreratu zien Bundestageko parlamentariei herenegun. Funtsak 440.000 milio euro ditu, baina, erreskateetara bideratua duen dirua kenduz gero, 280.000 geratzen zaizkio. Finantzatzeko gaitasuna nola handituko den argitu beharko dute EBko agintariek, Alemaniak orain arte baino diru gehiago — 210.000 milioi — ez duela jarriko ohartarazi baitu.
EFSFri buruzko akordioa ezinbestekoa da, horren arabera egituratuko baitira goi bilerako beste bi helburu nagusiak: Greziaren zorrarentzat etorkizun iraunkorra lortzea, eta zor horren balio galtzeak Europako bankuetan izango dituen ondorioak zuzentzeko kapitalizazioa adostea.
Akordioa Italian
Italiaren egoerak tentsioa gehitu dio gaurko hitzorduari. Asteburuan defizitari eusteko neurri gehiago hartzea EBko agintariek eta gaur jakinaraztea exijitu zizkioten Silvio Berlusconi lehen ministroari asteburuan. Eskaerak Berlusconi sumindu zuen arren, men egitea erabaki zuen. Erretiroa bi urtez atzeratzeko asmoak apurtzeko zorian utzi zuen gobernua, baina azken unean Bruselari erantzun bateratua emateko ados jarri dira Berlusconiren PDL eta Lega Nord koalizioko alderdiak. Egingo diren erreformak azaltzen dituen agiria eramango du gobernuburuak.
Eurogunearen geroa jokoan
Zorraren krisiari behin betiko konponbidea eman beharko lioke gaur EBko goi bilerak, baina akordiorik ez dute lortu oraindikBruselak eskatutako murrizketak adostea lortu du Italiako gobernu koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu