Euroguneko BPGa %1,4 igo da 2011n, uste baino gutxiago

Eurostaten datuen arabera, iazko azken hiruhilekoan %0,3 egin zuen atzera euroguneko ekonomiak

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euroguneko barne produktu gordina ez zen %1,5 hazi joan den urtean, hamarren bat gutxiago baizik. Eurostat estatistika erakundeak zuzendu egin ditu hazkunde datuak. Azaldu du uste baino txikiagoa izan zela gorakada, eurogunean ez ezik, Europako Batasunean ere: %1,6ekoa espero zen eta %1,5ekoa izan da. Bi kasuetan bereziki txarra izan zen azken hiruhilekoa, %0,3 egin du atzera BPGak. 2010ean%1,9 hazi zen eurogunea, eta %2 Europako Batasuna.

Eurostatek emandako datuen arabera, urritik abendurako tartean BPGa osatzen duten adierazle guztiek izan zuten bilakaera negatiboa. Alde batetik, familien kontsumoa %0,4 jaitsi zen —hirugarren hiruhilekoan %0,3 handitu zen—. Bestetik, kapital finkoaren eraketa gordinak %0,7ko jaitsiera izan zuen bai eurogunean eta bai EBn. Azkenik, esportazioek eta inportazioek ere atzera egin zuten: %0,4 murriztu zen kanpora saldutako produktuen kopurua eta %0,2 kanpotik ekarritakoena.

Sei herrialde, atzeraldian

Era berean, estatistika erakundeak jakinarazi du lau herrialde atzeraldian sartu zirela laugarren hirihilekoan: Belgika, Italia, Herbehereak eta Txekiar Errepublika dira. Grezia, Portugal eta Eslovenia aurrez zeuden egoera horretan, eta Zipre eta Espainia ere laster sar daitezke; izan ere, azken bi hiruhilekoetan ez dira hazi. BBVAk egindako aurreikuspenen arabera, Espainiako ekonomiak %0,2 eta %0,4 arteko jaitsiera izango du aurtengo lehen hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.