Munduko ekonomia aurreikusi baino gutxiago haziko dela uste du Jorgen Elmeskovek OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko ekonomialari buruak. Eurogunea, esate baterako, %1,3 haziko da soilik, ekainean iragarri baino 0,4 puntu gutxiago. Kapitalen merkatuan dabilen ekaitza , etxebizitza merkatuaren atzeratzea eta lehengaien garestitzea. Horiek dira,Elmeskoven iritziz, munduko ekonomiari hazten uzten ez diotenak.
Aldiz, AEBetan egoerak hobera egingo duela uste du OCDEk. Barne Produktu Gordinak (BPG) iragarritakoa baino 0,6 puntu egingo du gora, %1,8raino. Batez ere, bigarren hiruhilekoan lortutako datu onei esker izan da hori: epe horretan %3,3 igo da AEBetako BPG, aurreikusitakoaren bikoitza, eta hein handi batean, esportazioetatik lortu ditu irabaziak, dolarra merke egon baita urte hasieran.
Bigarren seihilekoan, berriz,OCDEko herrialdeetako ekonomiaren egoera «nahiko ahula» izango dela uste du Elmeskovek, eta baita AEBetan ere. Hirugarren hiruhilekoan, %0,9 haziko da, eta laugarrenean, %0,7.
Epe horretan kolperik gogorrena Erresuma Batuko ekonomiak jasoko du, OCDEren eginiko aurreikuspenek diotenez. Izan ere, uztailetik abendura G7 osatzen duten herrialdeetan atzeraldia izan dezakeen herrialde bakarra izan daiteke: iazko hirugarren eta laugarren hiruhilabetekoekin alderatuta, %0,3 eta %0,4 jaitsi daiteke, hurrenez hurren.
Frantziako egoera ere ez da hobea izango, erakundearen ustez; %1 igoko da aurten (ekainean %1,8ko igoera iragarri zuten). Alemaniako eta Italiako BPG ekainean aurreikusi baino lau puntu gutxiago lortuko ditu, %1,5 eta %0,1, hurrenez hurren. G7 osatzen duten beste herrialdeetan ere, hazkundea uste baino txikiagoa izango da. Japonian, esate baterako, %1,2 egingo du gora; ekainean emandako datuekin alderatura, %0,5 gutxiago. Kanadako BPG, berriz, %0,8 igoko da (ekainean, %1,2).
Urte bukaerara arte, berdin
Epe motzera begira ez da oso itxaropentsu ageri Elmeskov. Motelaldiak gutxienez urte amaierara arte iraungo duela adierazi baitu. Ereduek erakusten dutenez, «jardueraren ahultze aldi bat egongo da urte bukaerara arte», azaldu du OCDEko kideak. Hala ere, ez dago esaterik noiz arte iraungo duen egoera horrek, zalantzak direla-eta panorama ez baita «oso argia».
Lehengaien prezioa egungo mailan mantentzen den bitartean inflazioa apaldu egingo dela iragarri du OCDEk. Lehengaien prezioek zerikusi handia izan dute munduko ekonomiaren motelaldian, horien prezioa asko igo baita azken hilabeteetan. Hala ere, azkenaldian apaltzen ari dira. Petrolioaren prezioari begiratzea besterik ez dago:azken lau hilabeteetako mailarik baxuenean dago, eta ia ehun dolarreko mailara iristear da.
Etxebizitzaren prezioak beherantz jarraituko du, eta uste baino denbora luzeagoz, gainera. Espainian, Danimarkan, Irlandan eta Erresuma Batuan nabarituko da gehien merkatzea, eta baita industria jardueraren jaitsiera ere.
Euroguneko ekonomia %1,3 igoko dela iritzi dio OCDEk, uste baino %0,3 gutxiago
AEBetan hazkunde handiagoa espero du, ekainean aurreikusi zuena baino sei hamarren gehiago: %1,8
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu