Diru merkatuetan egunero salerosten dira mundu osoko dibisa mota guztiak, baita gaur egun nagusi diren dolarra eta euroa ere. Euroaren historia laburrean,egun gozoenak bizi ditu diru berriak, bere sendotasunagatik baino, AEBetako dolarraren ahuleziaren ondorioz. Euroak,atzo, beste goraldi bat egin eta Frankfurteko merkatuan 1,2 dolarreko muga pasatu zuen.
Zehazki, muga hori, 13:45ean iragan zuen euroak, eta geroago, 1,2018 dolarreko baliora ere ailegatu zen, oraingoz inoiz izan duen balio handiena. Europako Banku Zentralak, berriz, eguerdiantruke ofiziala 1,1994 dolarretan utzi zuen.Haatik, badirudi euroak gora egin baino dolarrak egin duela behera. Adituek atzo argudiatu zuten: AEBen aurkako beste atentaturen baten beldurrak, jendeak euroan inbertitzea eragin du. Era berean, AEBetako ekonomiak hirugarren hiruhilekoan izan duen %8,2ko hazkunde handiarieutsiko ez dion uste sendoa dago, adituen ustez. Azkenik, The Independent egunkariak zabaldu du Warrent Buffet eta George Soros inbertsiogile handiak dolarraren erorketa bultzatzen ari direla.Azalpenok erakusten dute, burtsan legez, diru merkatuetako inbertsiogileak Europara baino AEBetara begira daudela. Aste honetan Egonkortasun Itunaren polemika edota euro guneko ekonomiaren gain egiten diren aurreikuspen apalak ez dira euroan islatu. Alderantziz, gorantz begira dago. Aurreikuspenen arabera, datozen astetan 1,25 dolarretaraino irits liteke.
Interes tasen igoera?
Euroaren sendotasunak kontsumo prezioen igoera kontrolatzen lagun dezakeen arren, Eurostatek azaroan euroguneko inflazioa %2,2ra ailegatu dela aurreratu zuen atzo. Datu hori baieztatzen bada, esan nahi du gora egin dutela prezioek hilabete honetan, urrian urtearteko KPI %2koa izan baitzen euroaren eremuan.
Behin-behineko beste datu esanguratsu bat kaleratu zen atzo: Espainiako Bankuaren arabera, hipoteka maileguetan erreferentzia nagusitzat hartzen den euribor indizeak bigarren hilabetez jarraian gora egin du, %2,41eraino. Nahiz eta maila oso apaletan jarraitzen duen, apirila geroztik ez du horrelako baliorik ailegatu euriborrak.
Dena den, azaroan euren hipoteka berrikusi behar dutenei iazko %3,017tik %2,41era jaitsi zaie euriborra. Hala, 20 urteko epean 120.000 euroko hipoteka duenak hilero 35,9 euro edo urtean 430,8 euro aurreztuko lituzke.
Euriborrak datozen hilabetetan gorantz jarraituko duela aurreikusten da, eta joera horrek epe motzera edo ertainera interes tasak izan dezakeen bilakaera neurtzeko balio du; azken finean, euriborrak finantza erakundeek interesen tasen gaineko aurreikuspenak islatzen baititu. Bestetik, inflazioaren gaineko presioek indarrean jarraituz gero, ezin da baztertu Europako Banku Zentralak interes tasak igotzea; bereziki, ekonomia sendotzen ari den adierazleak nagusitzen badira.Horietako bat kaleratu zuen atzo Europako Batzordeak: euroguneko ekonomiaren gaineko konfiantza neurtzen duen adierazleak 0,4 puntu egin du gora (95,9 puntu), eta 2002ko ekaina geroztik baliorik handienetan dago.
EUROGUNEKO EKONOMIA. Inoiz baino balio handiagoa du euroak, 1,20 dolar egin baitu
Azaroan euribor indizea %2,41era igo eta goranzko bideari eutsiko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu