Zorraren krisia. Bruselako goi bilera

Europa batuagoa, baina oraindik krisiari erantzun gabe

Erresuma Batuak izan ezik, Europako Batasuneko herrialde guztiek bat egin dute diziplina fiskala ezartzeko akordioarekinEBko bederatzi herrialdek parlamentuei babesa eskatuko diete sinatu aurretik

jakes goikoetxea
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko herrialde gehienek onartu dute Europak aurrekontuak kontrolatzea, defizita zigortzea eta burujabetzaren zati bat galtzea, luzera begira euroak bizirik irautearen izenean. Horren truke Europako Batasuna hautsi da eta Bruselako goi bileran ez dute irtenbide berririk eta azkarrik proposatu arazoak dituzten herrialdeen zama arintzeko. Euroa salbatzeko goi bilera izan behar zuenak haustura politikoarekin estali ditu zorraren krisiaren oihartzunak, Erresuma Batua kanpoan geratu baita.

17+9 = 27-1

Itun fiskala nazioarteko hitzarmen baten bitartez onartuko dute, ez Europako Ituna aldatuta, ez baitute guztien babesa lortu: Erresuma Batuak kanpoan geratzea erabaki du. Akordioarekin bat egin dute euroguneko hamazazpi herrialdeek, eta Europako Batasuneko bederatzik. Bederatzi horiek, ordea, parlamentuen babesa eskatuko dute: Bulgariak, Danimarkak, Errumaniak, Hungariak, Letoniak, Lituaniak, Poloniak, Suediak eta Txekiak. Martxorako sinatu nahi dute.

Demokrazia, 'arazo'

Herrialde batzuek oraindik ez dakite itun fiskala onartzeko herri galdeketak onartu beharko dituzten edo ez. Herbehereek baztertu egin dute. Irlanda gaia aztertzen ari da eta zenbait adituk esan dute herri galdeketa egin beharko duela. Zenbait herrialdetan ere arazoak izan ditzakete parlamentuetan onartzeko (Txekia, Herbehereak...), bai gobernuen bazkideak euroaren kontrakoak direlako, bai burujabetza galtzearen kontra daudelako.

Erresuma Batuaren arrazoiak

Europako agintariek finantza sektorea arautu nahi dute, eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak salbuespen neurriak eskatu zituen Londresko finantza sektorearentzat, City-arentzat. Ez zioten eskaera onartu eta Erresuma Batua akordiotik kanpo geratu da. Cameronek esan zuen «pozik» zegoela euroan ez egotearekin, eta Erresuma Batua inoiz ez dela sartuko euroan.

Alemania, indartsuago

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak irabazi dute, funtsean haiek hitzartutakoa onartu baitzuten atzo. Hala ere, akordioaren mamia Merkeli dagokio, Europa federalagoaren izenean Europa kontrolatuagoa, alemaniarragoa nahi baitu. Gainera, bere helburuetako asko lortu ditu: diru gehiago ez jartzea, eurobonuak ez jaulkitzea eta herrialdeek kate motzean lotzea onartzea.

Defizita, araututa

Administrazio publikoen aurrekontuek «orekatuak» izan beharko dute, edo soberakinak eduki beharko dituzte. Zein da muga? BPGaren %0,5eko defizita urtean. Legez. Herrialdeek Konstituzian edo horren pareko arauetan jaso beharko dute. Defizit publikoa ezingo da BPGaren %3 baino handiagoa izan.

Europako Batzordeak kontrolatuko ditu herrialdeen aurrekontu proiektuak. Egonkortasun eta Hazkunde Ituna «larri» urratzen dutela uste badu, berrikusteko «eskatuko» die herrialdeei.

Europako agintariek ez dituzte ekonomia sendotzeko neurriak aipatu ere egin. Gauza bat baita defizita legez mugatzea, baina beste bat muga horiek bete ahal izatea. Krisia eta defizitaren kontrako murrizketak herrialdeen ekonomia itotzen ari dira.

Zigorrak

Defizitaren muga gaindituz gero, abian jarriko da «desbideratzea» zuzentzekoprozedura automatikoa. Gehiegizko defizita duten herrialdeek plan bat aurkeztu beharko diete Europako Batzordeari eta Europako Kontseiluari, defizita txikitzeko egiturazko erreformak zehaztuz. Erakutsi bakarrik ez. Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak herrialdeen aurrekontuak eta planak zainduko dituzte.

Euroguneko herrialdeentzat zigorrak gogortu dituzte. Herrialderen batek BPGaren %3ko defizita baino handiagoa pilatuz gero, zigorra jasoko du zuzenean, herrialde gehienek kontrakoa erabakitzen ez badute.

Gobernu ekonomikoa

«Elkarlana aktiboagoa izango da euroguneak behar bezala funtziona dezan funtsezkoak diren gaietan», dio akordioak, Europako agintariek eta erakundeek ohi duten hizkera korapilotsuan. Gatzik gabeko esaldi horren atzean, egitasmo potoloak daude. Merkelen eta Sarkozyren proposamenean antzeko esaldi baten ondoren zeuden finantza sektorea arautzea; lan merkatuak eta sozietate zerga bateratzea; eta finantza operazioei zerga bat ezartzea.

Herrialdeen erreforma ekonomikoak Bruselan eztabaidatuko eta koordinatuko dituzte.

ESM, 2012an prest

EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsarentzat onartutako dirua lehenbailehen jarriko dute, eta urtebete aurreratu nahi dute ESM Europako Egonkortasun Tresna, uztailean lanean hasteko. Alegia, urtebetez biak batera ariko dira lanean.

EFSFk, praktikan, 250.000 milioi euro ditu uzteko; ESMren muga 500.000 milioi eurokoa da. Momentuz ez dute ESM handituko. Martxoan aukera aztertuko dute, baina Merkel kontra dago.

EFSFk berrikuntza bat izango du: Europako Banku Zentralak parte hartuko du kudeaketan.

Hartzekodun pribatuak, salbu

Greziarena salbuespena dela esan diete inbertsiogileei, ez dituztela gehiago behartuko inbertsioen galerak beren gain hartzera. Ez behintzat nazioarteko arauek ezartzen dutena baino gehiago. Europak ezin du ziurtatu, ordea, beste herrialderen batek zorrak ordaintzeari utziko ez dionik.

Diru gehiago NDFri

Europako Batasuneko herrialdeek 200.000 milioi euro utziko dizkiote Nazioarteko Diru Funtsari, «NDFk krisiari aurre egiteko baliabide nahikoak izan ditzan». Beste era batera esanda, NDFk euroguneko herrialdeei lagundu ahal izateko.

Europako herrialdeez gain, gainerakoek ere NDFri diru gehiago uztea espero dute. Txinara begira ari dira batez ere. Txina inbertsio funts bat prestatzen ari da, Europan eta AEBetan 300.000 milioi dolar inbertitzeko.

Eurobonuak

Akordioan ez dituzte aipatu, baina haiei buruz hitz egin dute. Mario Monti Italiako lehen ministroaren esanetan, aurrerapausoak eman dituzte etorkizunean eurobonuak jaulkitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.