Europa konbentzitu nahian

Berlinen, Papandreuk berretsi du krisiari aurre egiteko beharrezko neurri guztiak hartuko dituela Greziako GobernuakFinlandiak gaur bozkatu du Greziaren bigarren erreskateari buruz, eta Alemaniak, bihar

2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Porrotetik urrats batera dagoen herrialde bateko gobernuburu izateak ez du gozoa izan behar. Baina Iorgos Papandreu Greziako lehen ministroak bestelako itxura ematen du, unerik latzenetan aurpegi ona jartzeko dohaina ederki garatu duelako halabeharrez. Eta atzo Berlinen primerako erakustaldia egin zuen, industriako enpresaburuen aurrean lehenengo eta Alemaniako Gobernuko kideen aurrean gero.

Irribarrerik onenarekin eta baikortasun kutsu nabarmena zerion hitzaldi bat besapean zuela azaldu zen Alemaniako industria federazioko kideen aurrera. Ehunka enpresaburu alemaniarri Greziak krisia gainditzeko borondatea baduela sinetsaraztea zen Papandreuren egitekoa. Agindu zien Atenasko gobernuak bururaino eramango dituela nazioartearen laguntzaren truke Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko eta Europako Banku Zentraleko ordezkariekin adostutako neurri eta erreformak.

Hitzaldian, betikoa esan zuen, baina beste batzuetan baino indarhandiagoarekin, Alemaniako enpresaburuen konfiantza lortzea ez delako edonolako garaipena. Aurrena, errespetua eskatu zuen Greziarentzat eta greziarrentzat, gastu publikoa murrizteko gobernuak hartu dituen neurriek asko gogortu dutelako herritarren eguneroko bizitza, eta aurrera egiteko «neurriz kanpoko ahalegina» egiten ari direlako. Atzo arratsaldean bertan, ondasun higiezinen gaineko zerga bat sortzea onartu zuen Atenasko parlamentuak.

Homero poeta greziarrari eta Greziako mitologiari erreferentzia eginez, «herritarrek galdetzen didate Itakara iristeko gai izango ote garen, Ulises bezala, edota eginahaletatik emaitzetara iritsi ezinik geldituko garen, Sisifo bezala», kontatu zuen Papandreuk. Greziako mitologiako heroirik handienetakoa da Ulises: Itakara iristea zen haren helburua eta lortu zuen, bidean topatu zituen oztopoak gainditzeko hogei urte behar izan zituen arren. Ahaleginak Sisifok ere egin zituen, baina eginbeharra zailegi jarri zioten, harri handi bat malda batean gora igotzea. Bukaerara iristear zela, ordea, harriak ihes egiten zion, eta hasieratik hasi behar berriz.

Denbora eskatu zien

Errespetua bakarrik ez,Papandreuk denbora ere eskatu zien aurrean zituen enpresaburuei, herrialde bat ezin daitekeelako gauetik goizera aldatu. «Baina greziarrek Grezia diferente bat nahi dute; gaurkoa aldatu nahi dute». Alemaniako enpresaburu eta herritarrek Greziari lagundu nahi ez izatea ulergarria iruditzen zaiola ere esan zuen. «Europako familia honetan, desberdintasun handiak daude senide batetik bestera. Batzuek ez dute sentitzen albokoari laguntzeko beharrik, baina esango nieke Greziari laguntzea ez dela iraganeko akatsetan inbertitzea, etorkizuneko arrakastetan baizik». Europako Batasuneko gainontzeko kideen laguntza ezinbestekoa duela adierazi nahi izan zuen horrela.

Autokritikarako tartea ere hartu zuen Greziako lehen ministroak. «Ez gara herrialde pobre bat; gaizki gobernatutako herrialde bat izan gara». Egoerari bueltaemateko «bide mingarria» egin beharko dutela onartu zuen, jarritako helburuak ez direlako nolanahikoak. Greziak iaz defizita jaisteko egindako ahaleginaren parekoa egin balu Alemaniak, 125.000 milioi euro aurreztuko lituzkeela esan zuen.

Hamaikagarrenez Greziak bere esku dagoen guztia egingo duela agindu ostean, krisia gainditzeko bidea egiteko laguntza eskatu zien enpresaburu alemaniarrei. «Greziari laguntzea ez da iraganeko akatsetan inbertitzea, etorkizuneko arrakastetan inbertitzea baizik». Eta hitzaldia Barack Obamak AEBetako presidente kargurako kanpainan erabilitako leloarekin bukatu zuen. «Yes we can, lor dezakegu, krisia aukera bihur dezakegu eta greziarrok badugu horretarako gaitasuna».

Greziako lehen ministroaren atzetik, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hartu zuen hitza, funtsean hark hasitako lana borobiltzeko. Gogorarazi zuen Alemaniak 1990eko lehen urteetan egindako eraldaketa bera egitea tokatzen zaiola orain Greziari. «Grezia aldatzen ari da, eta merezi du han inbertitzea». Greziaren porrotak euroguneko gainontzeko herrialdeak hondora ditzakeela sinetsita, arduraz jokatzeko eskatu zien. «Munduko ekonomian, ligaz jaisteko arrisku larrian gaude egun. Finantza krisiaren ondorioz, lehen munduko ekonomia nagusiak zirenek lekua galdu dute, garatze bidean diren ekonomien mesedetan». Ohartzerako garatze bidean diren herrialdeak aurretik izango dituztela esan zuen.

Goizean enpresaburuen aurrean Greziaren alde onak nabarmentzeko egindako saioa entrenamentu gisa primeran etorri zitzaion Papandreuri, eguneko hitzordurik garrantzitsuena ilunabarrean izan baitzuen. Greziak hartutako konpromisoak zorrotz errespetatuko dituela sinetsarazi behar zien Merkeli eta Alemaniako Gobernuko gainontzeko kideei, biharko Parlamentuko bozketan Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa zabaltzearen eta malgutzearen aldeko botoa eman dezaten.

Uztailaren 21ean Greziari bigarren erreskatea ematea eta Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa zabaltzea hitzartu zituzten Europako Batasuneko gobernuburuek. Akordio horrek, baina, herrialde bakoitzeko parlamentuaren oniritzia behar du, aurrera egingo badu. Finlandiak gaur bozkatuko du, Alemaniak bihar eta Austriak datorren astelehenean.

Papandreuk Alemaniara egindako bisitak eta Merkelek eta konpainiak igorritako mezu baikorrek, sentipen bera eragin zuten Europako burtsetan. %3tik gorako irabaziekin itxi zuten gehienek. Berez aste hau bukatzerako bozkatu behar zuten herrialde guztiek, baina batzuek urrirako utziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.