Europako Batasuneko Justizia Auzitegia erdibidean geratu da. Ez du bankuek nahi zuten epaia kaleratu —IRPHa indize arrunt bat zela eta, hortaz, legezkoa zela hura saltzea bezeroei—, baina ezta ere kontsumitzaileen elkarteek espero zutena —abusuzkoa zenez, indizea legez kanpo utzi eta hura kontratatu zutenei automatikoki dirua itzuli behar zaiela—. Horren ordez, Espainiako justizia sistema lanez gainezka jar dezakeen epai bat kaleratu du.
Izan ere, Luxenburgoko epaiak ebatzi du Espainiako epaitegiek erabaki behar dutela zein kasutan erabili zen IRPHa gehiegikeriarekin edo gardentasunik gabe. Epaiaren arabera, hala izan daiteke baldin eta kontsumitzaile «informatua» ez bada gai izan ulertzeko bankuek saldu nahi izan dioten finantza produktua.
Azalpenen artean legoke indize horren bilakaera grafikoen bitartez azaltzea. «Berri ona da» zehaztasun hori, IRPH Stop Gipuzkoa taldearen arabera, uste duelako banku gehienek ezingo dietela epaileei frogatu informazio hori eman zietela, «ez zietelako eman».
Talde horrek puntu positiboak ikusi ditu EBko auzitegiaren ebazpenean: esate baterako, IRPHak gardentasun kontrolak igaro behar dituela, eta Espainiako sistemako epaileak behartzen dituela klausulak aztertzera. Halaber, txalotu egin du Luxenburgoko epaileek atzera bota izana atzeraezintasuna mugatu nahi zuela Espainiako Gobernuaren eskaera. «Berri ona da guretzat, eta txarra bankuentzat eta haiei laguntzen aritu diren PPren eta PSOEren gobernuentzat».
Egonkorragoa, baina beti goitik
IRPH indizea kontratatu zutenek hilero 250-300 euro gehiago ordaindu dute urte askoan. Kontsumitzaileen elkarteen arabera, hipoteka bakoitzagatik batez beste 20.000 euro inguru. IRPH Stop plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1,3 milioi kaltetu inguru daude. Kutxabankek, adibidez, 727 milioi ditu mailegaturik indize horrekin.
Auzitegietara irits daitekeen demanda uholdea ikusita, gerta daiteke Probintzia Auzitegietako epaileek Espainiako Auzitegi Gorenari eskatzea Europako ebazpena nola bete; eta orain arte, behintzat, Gorenak bankuen alde jokatu du beti, indizea ofiziala zela argudiatuz eta abusurik ez zela egon azpimarratuz.
Historia katramilatsua du IRPHak. Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten bankuek eta kutxek, esanez egonkorragoa zela. Euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRHPak, eta bezeroek manipulagarritzat jo zuten. Izan ere, bankuek beraiek kalkulatzen zuten indizea —Espainiako Bankuaren oniritziarekin—, eta, kaltetuen arabera, behar besteko gardentasunik gabe eta bezeroak egoki informatu gabe egiten zuten hori. IRPH indizearen interes tasa ez da inoiz Euriborraren interesaren azpitik egon.