Europako banku handi guztiek gainditu dute estres azterketa

Iazko abendutik 200.000 milioi euro bildu dituzte kontinenteko 61 banku nagusiek, eta kapital eskasia estali dute gehienekSektoreak aurre egin nahi die inbertsio adarra eta adar komertziala bereizteko saioei

Iker Aranburu.
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako banku sistemako finantza erakundeek bezala, Europako Batasuneko 61 banku handienek ere egin dute beren estres azterketa partikularra. Gehientsuenek gainditu dute, azken urtean 200.000 milioi eurotik gorako kapitala bildu baitute, akziodunei irabazi txikiagoak banatuta edo inbertitzaile pribatuen diruarekin. Abenduan kapital eskasia zuten 37 bankuetatik 27 gai izan dira 116.000 milioi biltzeko. Beste hamarrek ez dute EBA Europako Banku Agintaritzaren azterketa berriro egin, estatuaren laguntzarekin berregituraketa prozesuan daudelako, hala nola Espainiako Bankia, Frantziako Dexia, Alemaniako WestLB, AustriakoVolksbank, eta Greziako seiak.

Euskal Herriarekin lotura handia duten bi erakunderi egin diete azterketa. %9eko core tier 1 kapitala eskatu die EBAk bankuei, eta %10,86koa du Caixak (Nafarroako Kutxaren jabea), Espainiaren zor publikoarekin galdu dezakeen dirua kontuan hartuta. Estuago ibili da BBVA, %9,18rekin.

Lau soilik geratu dira muga horretatik behera: Italiako Monte Dei Paschi di Siena, Esloveniako Nova Kreditna eta Zipreko Cyprus Popular eta Bank of Cyprus.Guztiak berregituratzen ari dira, diru publikoarekin.

Emaitza kuriosoak ere badaude: Espainiako Banco Popularrek gainditu egin du EBAren azterketa, Oliver Wymanek 3.200 milioi euroren zuloa zuela esan eta bost egunera. Diru hori bere kasara lortzeko asmoa du Banco de Vasconiaren jabeak.

Andrea Enria EBAko buruzagiak txalotu egin du bankuen ahalegina. «Egoera hobean daude orain ekonomia erreala hobeto finantzatzeko, baina araudi berriekin bat egiteko urrats gehiago egin behar dituzte», esan du. %9ko gutxieneko kapitalari eutsi beharko diote 2013an ere.

Liikanen txostena

Kapital eskasiari erantzunda, aurrerantzean araudien gogortzeari erantzun beharko diote bankuek. Krisiaren abiapuntua finantza sistema izan arren, artean ez da neurri esanguratsurik hartu banku handiek ekonomia osoari ekartzen dizkioten arriskuak gutxitzeko. Atzemandako arazoetako bat da bankuen inbertsio adarraren apostuek —akzio, deribatu edo beste finantza produktuetan egindakoak— banku komertziala hondora dezaketela, hots, herritarren eta enpresen aurrezkiarekin maileguak ematen dituena. Adar komertziala denez maileguen bitartez ekonomiaren motorra martxan mantentzen duena, estatuek diru publiko asko gastatu dute bankuak salbatzeko. Dinamika hori haustea galdegin du Europako Batzordeak eskatutako txosten batek. «Irabaziak pribatuak eta galerak publikoak diren sistema utzi behar dugu», justifikatu du Erkki Liikanen talde txostengileko buru eta Finlandiako banku zentraleko gobernadoreak.

Liikanenek aholku eman du inbertsio adarra eta adar komertziala juridikoki bereizteko baldin eta inbertsio bankuaren aktiboak erakunde osoaren %15 eta %25 artean badaude, edo 100.000 milioi eurorenak badira. Ondorioz, adar bakoitzak bere aldetik bete beharko lituzke gutxieneko kapital eta likidezia eskaerak. Erabateko bereizketa proposatzera ez da ausartu Liikanen taldea.

Beste proposamen bat da bankuetako arduradunek ez jasotzea gainsariak dirutan, bankuen zor tituluetan baizik. Horrela, luze gabe irabaziak lortzen baino gehiago, luzera begira bankuaren osasun ona lortzen saiatuko lirateke bankariak. Gainera, bankuak porrot egitekotan, gainsaria galduko lukete.

Ikusteko dago zer ibilbide egingo duen txostenak. Michel Barnier Barne Merkatuko eta Finantza Zerbitzuetako komisarioari dagokio EBko kideei proposamen ofiziala egitea. Jendaurrean, txostenean oinarrituko dela esan du Barnierrek, baina bankuen lobby-ak espero du baldintza bigunagoak jartzea.

Bi adarrak bereizteak bete-betean eragiten die kontinenteko banku nagusiei. BNP Paribas, Deutsche Bank eta Barclays izan litezke kaltetuenak, kapital asko bilduko beharko luketelako beren inbertsio adarrei eusteko. Gainera, diru publikoen iturria itxiko zitzaienez, inbertitzaileei interes handiagoak pagatu beharko lizkiekete.

Sektoreak ateak itxita egiten dituen kritikei bozgorailua jarri die Bundesbankek. Alemaniako banku zentralekopresidenteordeak, Sabine Lautenschlae- gerrek, auzitan jarri du banku negozio arrunta eta inbertsioarena bereizi daitezkeela. «Ez daukat garbi nola erabaki ahal izango den banku baten inbertsio adarrak bere kasara porrot egin duela. Hala ez bada, zer lortzen da benetan bereizketarekin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.