Europa

Europako Banku Zentralak estu hartu du Tsipras

Astebete barru itxiko du Greziako bankuen finantzaketa iturri nagusia, eta horrekin behartu dezake Atenasko gobernua erreskatearen luzapen bat onartzera.  

Alexis Tsipras eta François Hollande, gaur, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Iker Aranburu.
2015eko otsailaren 5a
16:42
Entzun

Europako Banku Zentralak iragarri du hilaren 11tik aurrera ez dituela onartuko finantzaketaren truke Greziako bankuek aurkezten dizkioten bermeak. Teorian, EBZk ezingo lieke Greziako bankuei likideziarik eman, haren truke aurkeztutako bermeak (Greziako Estatuaren zor publikoa nagusiki) zabor bonotzat baitituzte rating agentziek eta halakoak onartzea debekatuta du. Hala ere, azken urteotan salbuespena egin du banku zentralak Greziarekin, eta ontzat hartu ditu. Salbuespen hori, nolanahi ere, erreskateari lotuta zegoen, eta hura otsailaren 28an amaitzen da. Ordura arteko epea zuten Greziak eta euroguneko kideek erreskatearen nolabaiteko luzapena adosteko, baina Greziako Gobernuaren iragarpenak entzun ondoren, EBZk dio orain ezin duela luzapen hori ziurtzat jo eta horregatik bi astez aurreratu du iturriaren itxiera. 

EBZren erabakia zaplasteko bat da Alexis Tsiprasentzat eta haren Finantza ministro Gianis Varufakisentzat, beren plan nagusia hankaz gora jartzen duelako. Espero zuten banku zentralak ez ziela oztoporik jarriko eta Greziako bankuak babestuko zituela eurogunearekin akordio bat lortu arte. Bankuak babestuta Greziako Estatua bera babestu nahi zuten Atenasko agintariek, eurogunearekin akordio bat lortu bitartean haien bidez finantzatzeko asmoa zuelako. Izan ere, Greziak merkatuetan saltzen duen epe motzeko zorraren zatirik handiena Greziako bankuek beraiek erosten dute (atzo 825 milioi erosi zizkioten), eta bono publiko horiek baliatzen dituzte berme gisa bere eguneroko operazioetarako behar duten dirua EBZtik ia interesik gabe (%0,05) lortzeko.

Edonola ere, Mario Draghik irekita utzi die beste bide bat Greziako bankuei: Larrialdiko Likidezia Lerroa (ELA, ingelesez). Greziako banku zentralaren bidez ematen du laguntza hori EBZk, baina interes handiagoak ditu ohiko enkanteek baino. Aukera horri heldu dio Greziako Gobernuak EBZren erabakiari garrantzia kendu eta lasaitasun mezua igortzeko. "Ez dago kezkatzeko arrazoirik", esan du gaur goizean Gavriil Sakelaridis bozeramaileak. Baina haren adierazpenek erakusten dute tentsioa asko handitu dela: "Ez dugu txantairik egiten, baina ez dugu txantaiarik onartzen".

Kezkatuta daude ordea merkatuak, eta jaitsiera handia izaten ari da Atenasko burtsa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.