Interes tasek %0,15ean jarraituko dute. "Epe nahiko luze batean" oso maila apalean jarraituko dutela baieztatu du Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak. Igotzen hasteko gora egin beharko du inflazioak (%0,5 eurogunean), baita hazkunde ekonomikoak ere. Azken datuak ez dira oso itxaropentsuak. Gaur zabaldu den Markit indizeak dio moteldu egin dela hazkunde erritmoa: 52,8 puntuan dago, hazkundea finkatzen duen 50eko mugaren gainetik, baina azken hilabeteotako kopuruetatik behera.
Ekaineko bileran, EBZk neurri sorta bat onartu zuen, mailegu kopurua handituta ekonomiari bultzada emango dioten esperantzarekin. Honakoak dira neurri garrantzitsuenak:
- Interes tasak. Diruaren prezio ofiziala %0,15era jaitsi zuen, orain arte baino hamarren bat gutxiago. Inoiz izan duen maila txikiena da, eta EBZk ez du espero hortik behera murriztea.
- Gordailuak. Dirua bere gordailuetan izateagatik, bankuei kobratuko die aurrerantzean banku zentralak. Tasa negatiboa %0,1 izango da. Halakorik egin duen lehen banku zentral handia da. Aurretik, Suitzakoak eta Danimarkakoak egin zuten. Tasa negatiboa ere bankuen soberazko erreserbei ezarriko zaie.
- TLTRO. Kreditua suspertzeko asmoz, EBZk finantzaketa merkea erraztuko die bankuei. Hori bai, diru hori familientzako eta finantza arlokoak ez diren enpresentzako maileguetara bideratu behar dute. Etxebizitza erosteko maileguak TRLTRO programatik kanpo geratuko dira. Programaren bidez 400.000 milioi euro bideratzea espero du EBZk. Gaur arratsaldean zehaztuko du EBZk zein baldintza bete beharko dituzten programa hori baliatu nahi duten bankuek.
- ABS erosketak. Enpresek erabiltzen dituzten ABS finantza produktuak erosteko programaren lanak azkartuko ditu bankuak.
- SME. Zor subiranoan inbertitua duen diruak likidezia ez handitzeko, jarrita dauzkan mugak kenduko ditu. 165.000 milioi finantza sisteman sartuko dira horrela.
EBZren bilerak, sei astean behin
Draghik iragarri duen aldaketa bakarra banku zentralaren bileren egutegiari buruzkoa da. Orain arte, hileko lehen ostegunetan biltzen zen EBZko kontseilua diru politikaren ildo nagusiak finkatzeko; aurrerantzean, berriz, sei astean behin elkartuko da. Bilera gutxiago egitearen arrazoietako bat merkatuen espektatibak ezin betetzea dela onartu du Draghik. "Ezin ditugu hilero erabaki berriak hartu", justifikatu du. Gardentasuna erakutsi nahian, 2015etik aurrera banku zentrala hasiko da bere bileretako akten berri ematen.