EUROPAKO BATASUNA. EBko aurrekontua hitzartzeko negoziazioak areagotuz doaz

Batasuneko atzerri ministroek beste bilera bat egingo dute gaur Bruselan, gai korapilatsuenetan jarrerak hurbildu nahian

Irune Lasa.
2005eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren sendotasuna zalantzan jartzen den garaiotan, garrantzi berezia hartu du aurretik ere oso garrantzi handia zuen gai batek. EBk 2007tik 2013ra artean izango duen aurrekontua erabakitzeko unea iritsi da. Bakoitzak zenbat diru jarriko duen eta diru hori zertan gastatuko den, hots, bakoitzak zenbat jasoko duen hitzartu behar da, ikusmiran Batasunaren helburuak jarrita.

Batasunak guztien interesen arteko erdibide hori topatzen nahiko lan izango du (25 herrialde ditu, baina laster 27 izango ditu, 2007an Bulgaria eta Errumania sartzen badira). Hilaren 16 eta 17an Bruselan egingo den EBren Kontseilua arteko epea dute. Adostasunaren bila beste egun batez luza daitekeen goi bileratik akordiorik irtengo ez balitz,berez porrota litzatekeena oso porrot handia bihurtuko litzateke; izan ere, kontuan hartu behar da ezezkoek Batasunaren sendotasuna kolokan jarri dutela. Eztabaida eta negoziazioak luzatzearen aukera ez da, gainera, oso irtenbide txukuna. Izan ere, uztailaren 1etik aurrera Erresuma Batuak hartuko du EBko lehendakaritza, eta gai korapilatsuena, hain zuzen, herrialde horri dagokio. Bitartean, Luxenburgok -EBko lehendakaritza berak dauka orain- duenproposamenak egin ditu erdibidearen bila. Azkena gaur eztabaidatuko dute atzerri ministroek, eta ondoren beste proposamen bat espero da datorren astean bertan. Nola ez, negoziaziootan protagonista nagusiak EBko herrialde handienak dira: Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua. Schroeder, Chirac eta Blair. Haiengan jarrita daude begi guztiak. Blair deskontu britainiarra defenditzen ari da. 1984az geroztik Erresuma Batuak 5.000 milioi euro inguru jaso ditu urtero, Nekazaritza Politikagatik (NPB) jasotzen ez zituen onurak konpentsatzeko. Baina gauzak asko aldatu dira eta beste guztiek zalantzan jartzen dute Londresek konpentsaziorik behar duela. Zer gertatzen da, gainera, konpentsatu behar liratekeen Herbehereekin, Alemaniarekin eta Suediarekin? Hiru herrialdeei dagokionean, Luxenburgok BEZarekin egiten duten ekarpena murriztea proposatu du.

Deskontua eta nekazaritza

Deskontu britainiarra konpontzea zailagoa izango da. Chirac eta Schroeder presio garbia egiten ari zaizkio Blairri hura desagerrarazi edo gutxienez murrizteko. Blairren erantzuna: «Deskontu britainiarra ukitu nahi duzue? Ados, baina hitz egin dezagun Nekazaritza Politika Bateratuaz ere». 2002. urtean 2013raino hitzartuta gelditu zena berriz negoziatzera behartzearekin mehatxu egin du. Eta Chirac-ek, NPBtik gehien jasotzen duen herrialdeko presidenteak, erreferendumean ezezkoa jaso duen Chirac-ek, ez du horretaz hitz egin ere egin nahi.

Chiracek bezala, Schroederrek «elkartasun keinua» eskatu dio Blairri. Baina Alemania izan da EBko aurrekontuko baliabideen muga murritzagoa, EBko Nazio Errenta Gordinaren %1ekoa, izan behar duela defenditu duenetako bat. Baliteke, elkartasunaren izenean, Alemanian horretan amore ematea. Luxenburgoren azken proposamenak baliabideen goia EBko NEGren %1,06an jartzen du, besteak beste, Europako Batzordearen iritziaren kontra. «Kohesiorako» erregioentzako laguntzek NEGren %0,37 soilik hartzea ere proposatu du Luxenburgok, Bruselak %0,41a nahi arren. Hor jokoan daude 2 Helburuko ziren eskualdeentzako laguntzak, hots Euskal Herri ia osoak jaso lituzkeen laguntzetako batzuk. Herrialde berriak ere ezin dira ahaztu. Jaso dezaketen diruari muga jarri nahi diete, nahiz eta hura jasotzeko baldintzak bete. Herrialde berrien sarrerarengatik kohesio funtsak galduko dituen Espainiak, berriz, Luxenburgok proposatutako bi urteko luzapenari gutxiegi irizten dio. Borroka zuzenaren unean iristear, gaurko bilera guztien posizioak atzemateko balioko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.