EUROPAKO BATASUNA. Greziari espedientea ireki dio Bruselak, baina ez du zigortuko

Hirugarren urtez jarraian Alemaniak defizitaren muga hautsiko du; 2005ean murriztuko duela dio

Erredakzioa
2004ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak espedientea ireki zion atzo Greziari, euroan sartu ahal izateko kontu publikoetan gezurra esateagatik. Bruselak, ordea, ez dio isunik ezarriko ezta diru bakarretik botako ere, orain benetako datuak ematen dituela eta «jendaurrean sinesgarritasuna galtzea nahiko zigor badela» argudiatuta.

«[Egonkortasun] Itunak eta hura aplikatzeko arauek ez dute isunik aurreikusten, ez dute halako egoerarik aurreikusten, eta espero dugu kasu bakarra izatea», azaldu zuen atzo Amelia Torres Ekonomia Gaietarako bozeramaileak.Izan ere, Greziak datu faltsuak eman zituen 1997tik 2003 arte. EBren analisiek erakutsi dute tarte horretan guztian defizit publikoa %2,1 handiagoa izan zela eta, hortaz, urtero-urtero Greziak Egonkortasun Itunaren %3ko muga gainditu zuela. Datu horiekin Atenasek ez zuen baimenik jasoko 2002ean euroa diru gisa hartzeko. EBk, ostera, 2000ko martxoan eman zion babesa, ordurako Eurostatek estatistika ofizialetan «zenbait arazo» zeudela bazekien arren. Torresek onartu zuen Europako estatistika bulegoak huts egin zuela, baina «lehen errudunak» Greziako agintariak zirela nabarmendu zuen.Aurrerantzean beste kasurik gerta ez dadin, Joaquin Almunia Ekonomia komisarioak jokamolde kode bat proposatuko du eta eskumen handiagoak emango dizkio Eurostati estatu bakoitzeko estatistikak egiaztatzeko.

Alemania, oso estu

Atenasko Olinpiar Jokoen faktura oraindik ordaintzen ari denez, Greziak %3,2ko defizit publikoa izan zuen iaz eta EBren aurreikuspenek diote datorren urtean %3,6ra iritsiko dela. Bruselak jada ireki dio beste espediente bat horregatik eta datorren urtean %3tik behera jaisten ez badu, baliteke zigor ekonomikoa ezartzea. Hain zuzen ere, Greziak Bateratasun Funtsak galtzeko arriskua du.

Zigor ekonomikoak saihestu ditu orain arte Alemaniak, nahiz eta aurten, hirugarren aldiz jarraian, %3ko defizitaren muga gaindituko duen. Berlingo Finantza Ministerioak atzo baieztu zuenez, aurten %3,75era iritsiko da aurrekontuaren desoreka. Edonola ere, Alemaniako Gobernuak hitz eman zuen datorren urtearen amaieran %2,9ra murriztuko duela. Adituek eta Gerhard Schroeder gobernuburuak ere onartu dute agian helburua ez dutela beteko.Defizita gutxitu ahal izateko, Berlinek espero du ekonomia %1,5 eta %2 artean haziko dela 2005ean. Asko aldatu beharko dute gauzek. Eurostatek atzo emandako datuen arabera, EBko ekonomia %0,3 baizik ez da hazi urteko hirugarren hiruhilekoan %0,1 Alemaniakoa, aurreko hiruhilekoaren erdia. Langabezia, berriz, 0,1 jaitsi zen irailetik urrira.

-

Eurostat



LangabeziaBPG
Luxenburgo4,3 -

Irlanda4,4 -

Austria4,5 -

E.Batua4,5 0,4

Herbehereak4,7 0,2

Zipre5,0 -

Danimarka5,3 0,0

Eslovenia5,9 -

Hungaria6,0 -

Suedia6,3 -

Portugal6,7 -

Belgika7,9 0,8

Txekia8,4 -

Estonia8,5 -

Italia 8,5 0,4

Finlandia 8,7 1,2

Grezia 9,3 1,8

Frantzia 9,5 0,1

Letonia 9,7 -

Alemania 9,9 0,1

Lituania 10,1 1,5

Espainia 10,5 0,6

Eslovakia 17,5 -

Polonia 18,6 -

Eurogunea8,9 0,3

EB8,9 0,3

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.