Europako Batasunaren eta Txinaren arteko kalapita ozentzen ari da

Hil amaieran egitekoa da EBren eta Txinaren arteko goi bilera, Pekinen, baina bi aldeen arteko giroa eta adierazpenak mikazten ari dira. Donald Trumpen muga zergek ere ez dute lagunduko eztabaidak baretzen.

2023ko abenduan egin zen EBren eta Txinaren arteko azken goi bilera. Charles Michel zen orduan Europar Kontseiluko presidente; harekin argazkian Xi Jinping eta Ursula Von der Leyen. Huang Jingwen / EFE
2023ko abenduan egin zen EBren eta Txinaren arteko azken goi bilera. Charles Michel zen orduan Europar Kontseiluko presidente; harekin argazkian, Xi Jinping eta Ursula Von der Leyen. HUANG JINGWEN / EFE
Irune Lasa.
2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Europako Batasunaren eta Txinaren arteko harremanak ez daude bere onenean. Eta azken merkataritza datuak ez dira lagungarri: Donald Trump, muga zergak ezarriz eta mehatxuka arituz, zera lortzen ari da, lehen AEBetara joan ohi ziren Txinaren esportazioetako batzuk orain Europarako bidea hartzea. Eta horrek kezka pizten dio Europari.

Hain zuzen, kezketako bat da gauzek okerrera egingo ote duten, munduaren fabrikan arazo handia baitute gehiegizko produkzioarekin. Auto elektrikoekin eta eguzki panelekin ikusten da hori. Txinako ekoizleen arteko lehia izugarriaren ondorioz, salgai horien prezioak amildu egin dira Txinan bertan.

Prezio gerra dela eta, ibilgailu elektrikoen Txinako ekoizleen finantza ahalmena zeharo pattaldu da azken hilabeteetan, eta arazoak hornitzaileen artera hedatu dira. Eguzki panelen arloan gutxieneko prezio bat ezartzeko mugimenduak ezerezean geratu dira.

Ekain amaieran, Txinako agintari ekonomiko nagusiek bilera egin zuten Xi Jinpingekin berarekin, «prezio gerra desordenatuei» buruz mintzatzeko. Pekinek ordena ezartzeko egindako promesak noiz beteko zain, joan den astean bertan jakin zen ekainean ekoizleen deflazioa areagotu egin dela herrialdean eta tasa azken bi urteetako okerrena dela (-%3,6).

Esportazio gehiago EBra

Jakina, AEBen muga zergek ez dute laguntzen. Lerrook idazteko orduan, Txinako merkantzien gaineko AEBen muga zergak %55ekoak dira: apirilean ezarritako elkarrekiko gutxieneko %10eko muga zerga; martxoan fentaniloaren inguruan ezarritako %20koa, eta gainerako %25eko muga zergak, Trumpek lehen agintaldian ezarritakoak.

Hori horrela izanik ere, Txinak ez dio utzi ekoizteari, eta, aldi berean, esportazioak handitu egin ditu. Hori bai, aldaketak egon dira merkantzia horien helmugari dagokionez. Apollo Global Managementen arabera, iazko abendutik maiatzera handitu egin da Europak eta Asiak Txinaren esportazioetan duten partea (ikus koadroa), eta AEBetarako esportazioak, bestalde, gutxitu egin dira: Txinako esportazio guztien %15 ziren lehen, eta %9 dira orain.

Ziurrenez horrek izan du zerikusia azken asteetan EBren eta Txinaren arteko eztabaidak goritu izanarekin. Eztabaida horiek ekintza ere bihurtu dira. Izan ere, europarrak eta txinatarrak elkarri dumping-aren kontrako neurriak ezartzen ibili dira;  EBk Txinako ekipamendu medikoei eta Txinak brandy europarrari ezarritakoak dira neurri horietako azkenak.

Txinak eta EBk goi bilera bat egingo dute uztailaren 24an, Pekinen. Ursula Von der Leyen eta Antonio Costa han izango dira, baina ez dago batere argi Xi haiekin aurrez aurre eseriko den.

Neurri gogorrenak, dena den, hauek izan dira: Europak Txinako auto elektrikoen ustezko dumping-ari buruz abiatutako ikerketa, batetik, eta Txinak lur arraroen Europarako esportazioei ezarritako murrizketa handiak, bestetik.

Txinak eta EBk goi bilera bat egingo dute uztailaren 24an, Pekinen. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea han izango dira, baina ez dago batere argi Xi Txinako presidentea haiekin aurrez aurre eseriko den. Hilaren 25ean Hefein (Txina) beste negozio bilera bat dago, baina ez dago argi egin egingo den, txinatarrek, tentsioak gorabehera, goi bilera egun bakarrean uzteko mehatxua ere egin baitute.

Azken kalapita

Von der Leyenek asteartean Europako Parlamentuan egindako hitzaldiak ez du egoera gozatu. Europako Batzordeko presidentea gogor mintzatu zen: «Diruz lagundutako gehiegizko ekoizpen ahalmenarekin merkatu globalak urperatzen dituzten taktikak» aipatu zituen, eta «Txinak sistematikoki diskriminatzen dituen Europako produktuak».

Von der Leyenen ustez, «gure bazkidetzak aurrera egitekotan, benetako berrorekatze bat beharko dugu: distortsio txikiagoa izatea merkatuetan, gehiegizko ekoizpenaren ondorioz ekoitzitako produktu gutxiago esportatzea Txinatik, eta Europako negozioentzako bidezko sarbidea edukitzea Txinan».

Txinak Ukrainako Gerran duen jokabidea ere izan zuen hizpide Von der Leyenek bere hitzaldian. «Esan dezakegu Txina de facto Errusiaren gerra ekonomiari bide ematen ari dela. Eta hori ezin dugu onartu».

Txinaren erantzuna ia berehala etorri zen, Mao Ning Atzerri Ministerioaren eledunak emana: «Espero dugu EB konturatzea berrorekatu beharrekoa bere pentsamoldea dela, ez Txinarekin dituen lotura ekonomikoak». Maoren arabera, Txina prest dago bere merkatuak behar dituen EBko kalitatezko inportazioak handitzeko, eta espero du EBk murrizketak kentzea Txinako puntako teknologiako produktuei.

TXINAREN GURARIA

Badira gauza batzuk Europako Batasunak ez dizkienak txinatarrei saldu nahi, eta Pekinek goi bilera, eztabaida, negoziazio edo dena delako horretan sartu nahi dituenak: ASMLren txip makinak. 

Punta-puntako teknologiako makinak dira, muturreko litografia ultramorea erabiltzen dutenak (EUV teknologia) mikrotxip eta erdieroale aurreratuenak fabrikatzeko. Eta makina berezi horiek Herbehereetako ASML konpainiak egiten ditu bakarrik; urtean bost edo sei ekoizten ditu. 

Eta haiek Txinara iristerik ez dute nahi ez AEBek, ez Europako Batasunak ez Asiako zenbait aliatuk. Eragozpen zorrotzak dituzte txipak egiteko makinen esportazioekin. Argudio nagusia da ez dutela nahi Pekinek hainbat teknologietan aurrea hartzerik, horrek abantaila militarra emango lioke eta. 

Eta nola ez, Txina ez dago pozik horrekin —nahiz eta teknologia propioak garatzen ari den—, eta gaia aldiro ateratzen du mahai gainera, edozer negoziatu behar denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.