Energia

Europako Batasunean 22.300 milioi euroko inbertsioa egin da eolikoetan 2017an

15,7 GWko potentzia instalatu da urtebetean, eta energia eolikoa jadanik bigarren argindar iturria da Batasunean.

Gamesaren haize errota bat. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2018ko otsailaren 13a
12:35
Entzun

Wind Europe energia eolikoan aritzen diren konpainien erakundeak jakinarazi du datua: haize bidezko energiaren instalazioek gora egin dute nabarmen 2017an. %20 handitu da haize erroten argindarraren potentzia Europako Batasuneko herrialdeetan, 15,7 GW, hain zuzen. Hala, 169 GWeko potentzia adinako instalazioak daude, betiere energiaren eoliokoaren esparruan. Guztira, 22.300 milioi euroko inbertsioa egin da iaz, eta eolikoak ez du urruti, jadanik, Europan gehien erabiltzen den energia: gas naturala.

Wind Europek dio lurreko instalazio eolikoak direla, alde handiarekin, gehien ezartzen direnak. 2017an, 12,526 GW jarri dira lurrean eta 3,154 GW itsasoan, offshore esaten diotena. Hala ere, itsasoko esparrua %100 igo da urte batetik bestera, eta lurrekoa, %9. Europako Batasunaren energia beharren %11,6 hornitu zuen iaz eolikoak, eta instalatutako potentzia guztiaren %18 da.

Sektoreak eman dituen datuak onak dira, baina ezin da ahaztu 2017ko bukaera zaila izan dutela munduko konpainia handienek. Siemens Gamesak Europa osoan lantaldea txikitzeko martxan jarri duen erabakiak bere parekideak izan ditu lehiakide nagusien egoitzetan ere. Burtsan eroriko handiak izan dituzte ez alferrik azken hilabeteetan.

Eta, hala ere, Alemaniak, Frantziak, Finlandiak, Belgikak, Irlandak eta Kroaziak beren errekorrak ondu zituzten instalazio berrien ezarpenean, iaz. Alemania dago EBko buruan energia eolikoaren instalazio kopuruari dagokionez. Iaz, esate baterako, Batasunean martxan jarritako potentzia eoliko osoaren %42 Alemaniak jarri zuen. Gaitasun eolikoari begira, Alemania da zerrendaburua eta Espainia azaltzen da bigarren lekuan. Hirugarrena Erresuma Batua da.

Halaber, Wind Europeren txostenak dio EBk 2017an jarritako energia instalazio berrien %85 energia berriztagarrien atalekoak izan direla. %65,5 esparru eolikoan egin dira; %25,5 fotoboltaikoan; eta %4 biomasarenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.