Europako Batzordeak aditu talde bat osatu du esnearen merkatua ikuskatzeko

Nahiz eta agintarien babesa izan, protesta ekimenekin segitzeko prest direla esan dute Iparraldeko laborariek

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko Nekazaritza ministroek eta zortzi herrialdetatik joandako 2.400 abeltzainek parez pare egin zuten topo Bruselako Schuman plazan, atzo. Ministroek esnearen sektorea krisitik nola atera erabakitzen zuten bitartean, prezio justuak bermatuko dituzten neurriak eskatu zituzten abeltzainek. Batzarraren amaieran, berrikuntza gutxi.

Esnearen merkatuaren funtzionamentua ikuskatuko duen aditu talde bat osatu zutela, horixe Mariann Fischer Boel Europako nekazaritza komisarioak azaldu zuena. Talde hori datorren astean bertan hasiko da lanean, eta esne ekoizleak krisitik ateratzeko neurriak bilatu eta aztertzea izango du egitekoa.

Besteak beste, abeltzainen eta esnetegien arteko kontratu-harremanak gainbegiratuko ditu, ekoizleek ahalik eta diru sarrera handienak izan ditzaten. Modu berean, elikadura industriako enpresekin negoziatzerakoan esne ekoizleei botere handiagoa nola eman aztertuko du.

EBko hogei herrialdek «espekulazioa saihestu» eta «esnearen prezioa arautzeko» neurriak galdegin zituzten agiri batean, «gainbegiratutako etorkizuneko merkatua» sortzea, kasu.

Baina, Fischer Boelek azaldu zuenez, etiketatze sistema hobetzea eta etorkizuneko merkatua sortzea, luzera begirako asmoen artean leudeke. Dena dela, ekimen horiek guztiak urriaren 19an eztabaidatuko dituzte, Luxenburgon, EBko Nekazaritza ministroen ohiko batzarrean.

Hori bai, aurten Europako Batasuneko aurrekontuak «oso mugatuak» direla, eta esne ekoizleentzat aparteko diru laguntzarik ez dela egongo aurreratu zuen Fischer Boelek. «Zintzoki, ez dut aukerarik ikusten; EBko herrialde kideek diru gehiago nahi badute (esne ekoizleentzat), euren diru zorroa ireki beharko dute».

Baionan ere protestak

Laborantzaren liberalizazioari ez! Behi esnedunek bizi behar duteleloaren gibelean, 130 nekazari traktorez heldu ziren Baionako suprefetura aintzinera atzo eguerdian. Ehun bat pertsona hurbildu zitzaizkien, haien sostengua erakusteko. Europako beste hainbat herritan bezala, Ipar Euskal Herrian ere Europako behi esne egileen greba mugimendua bultzatu zuen EMB elkarteak, eta ELB sindikatuak mobilizazioari lotzeko deia zabaldua zuen atzorako.

«Egun, Europako ministroek liberalismoari ezetz errateko deliberamendua hartu behar dute. Ministroek haien politika aldatu behar dute», oroitarazi zuen Christian Harluxet ELBko kideak. «Egungo bilkura informala da. Egoera ez da gaur gauean aldatuko, denbora hartuko du. Baina, bide onean gara: ministroak, diputatuak, senatariak gure alde ditugu», segurtatu zuen, berriz, Xabi Hastaran EMBko kideak.

Suprefetura aintzinean bilduriko nekazariek mobilizazioa segitzeko prest direla adierazi zuten. «Ez dugu horretan utziko, deus ez bada aldatzen, mugimenduak segituko du!», zioen Christian Harluxetek.

Nafarroako EHNEk, berriz, nekazariak «espekulazioaren interesen, industriaren eta banaketa kate handien esku» utzi izana salatu du. Autokritika egiteko eskatu dio Europako Batzordeari, eta esan du irtenbidea dela 2015etik aurrera ere ekoizpen kuoten sistemarekin segitzea, kuota horiek garaian garaiko kontsumo mailara egokituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.