Krisi ekonomikoaren ondorioz, EBko kide gehienek espedienteak irekita dituzte, Egonkortasun Itunak zehazten duen defizitaren %3ko muga hausteagatik. Kontu publikoak nola orekatu behar dituzten azaldu zioten urtarrilaren amaieran Batzordeari, eta atzo jaso zuten erantzuna Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Espainiak eta beste bederatzi herrialdek. Bruselak uste duenez, programa gehientsuenak hazkunde aurreikuspen «nahiko baikorrak» egin dituzte, eta, hortaz, «errealitatean, aurrekontuek uste baino emaitza kaskarragoak emango dituzte». Are gehiago, hainbat kasutan estatukideek ez dute neurririk zehaztu 2011tik aurrera ere defizita gutxitzen jarraitzeko.
Biztanleriaren zahartzea
Horien artean dago Espainia. Madrilgo gobernuak agindu du defizit publikoa BPGaren %11,4tik (2009) %3ra jaitsiko duela 2013rako. Baina Bruselak zalantzak baditu, besteak beste, Espainiaren hazkunde aurreikuspenak berak egindakoaren oso gainetik daudelako. Horrela, Madrilek dio aurten ekonomia %0,3 uzkurtuko dela, (%0,8 dio EBk), eta %1,8ko hazkundea 2011n (%1 EBk). 2012 eta 2013rako %3ko hazkundea espero du Madrilek.
Aurreikuspenak «baikorregiak» izateaz gain, Europako Batzordeak iritzi dio Espainiak erreforma handiak egin beharko dituela kontuak orekatu nahi baldin baditu. Epe luzera, garrantzitsuena pentsioena dela uste du, biztanleriaren zahartzeak aurrekontuetan izango duen eragina EBko batezbestekotik gora dagoelako.
Beste arazo bat lehiakortasuna da. Kostuak txikitzeko bidea«prezioak eta soldatak bere bazkide komertzialenak baino txikiagoa» izatea da.
Pentsio sistemaren erreformarik ez dio eskatu Bruselak Frantziari, nahiz eta herrialde horretan Gizarte Segurantzak defizit handia daukan, eta Espainiakoak superabita pilatu duen azken hamarkadan. Baina Bruselari iruditzen zaio epe erdira pentsioetan egindako gastua ez dela hainbeste igoko Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, «dagoeneko indarrean jarri diren erreformei esker». Frantziako Gobernuak eragile sozialekin negoziatu nahi du pentsio sisteman egin nahi dituen zenbait aldaketa, eta akordiorik ezean, bere proiektua aurkeztuko du irailean.
Beste herrialde batzuek ez bezala, Frantziak ez du gastua murrizteko asmorik, eta defizit publikoa igo egingo da aurten, BPGaren %8,2ra arte. Zor publikoa ere handituko da. Espainiaren antzera, Frantziak ere espero du hazkunde ekonomikoa gai izatea 2013rako defizita %3ra jaisteko.
Parisek ez du argitu zer gehiago egingo duen defizita jaisteko, baina Bruselak espero du karbono isurketaren gaineko zerga indarrean jarri ahal izatea. Gainera, Parisek «prest egon behar du neurri gehiago hartzeko, 2011tik aurrera batik bat».