Nazioarteko Diru Funtsak eta AEBetako Gobernuak emandako aholkuei jaramon egin, eta Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa (EFSF ingelesez) zabaltzeko aukera aztertzen hasi dira euroguneko gobernuak. Olli Rehn Europako Ekonomia gaietako komisarioak Die Welt argitalpenari adierazitakoaren arabera, «funtsa indartsuago egiteko helburuarekin ekarpen osagarriak egiteko aukera» aztertzen aridira. Ez zuen beste xehetasunik argitu. Ordu batzuetara, Europako Batzordeak onartu zuen iragan astean hainbat elkarrizketa informal izan zituztela Washingtonen eta larrialdietarako tresna hori zabaltzearen eta erabilera hobea ematearen inguruko eztabaida egon badagoela. Zifrez edota funtsa indartzeko moduaz hitz egitea, baina, arduragabe jokatzea litzatekeela esan du, ezer aurreratzeko goizegi delako.
Rehn eta Brusela ez, baina BBC bai, zenbakiak ematera ausartu da hura. Kate britainiarraren arabera, egungo 440.000 milioi euroetatik ia bi bilioi dolarrera arte handitu nahi du Bruselak erreskate funtsa. Horrez gain, Greziaren zorraren erdia kitatu nahi du, ahal izatera inbertsiogile pribatuak zorraren erdi hori barkatzera konbentzituta. Bi neurri horiek funtsaren erreskate aukerak zabaltzeko uztailean egindako hitzarmena osatzera etorriko lirateke.
Krisia gainditzeko modu bakarra euroguneko erakundeen arteko lankidetza dela sinetsita, horixe sustatuko du egitasmoak. Esate baterako, Europako Banku Zentralak eta Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsakmaileguak era bateratuan ematea.Arrisku handienak funtsak hartu beharko lituzke bere gain. Adibidez, funtsaren ardura izango litzateke arazoak dituzten herrialdeei dirua uztea. Horrela, lankidetzari esker, zenbait arrisku hartzetik libratuko dute EBZ.
Zenbait herrialdek kontu publikoetan dituzten desorekak dira euroaren eremua zorraren krisian ondoratu dutenak. Baina zorrarenaz gain, beste krisi bat indarra hartzen ari dela ohartarazi zuen Rehn komisarioak: bankuen sektoreko kapital krisia, hain zuzen. «Estatuen zorraren eta banku sistemaren ahultasunen konbinazio larri bat da egungo krisia. Ez dago bata konpontzerik bestea konpondu gabe; eta guk biak aldi berean konpondu behar ditugu».
Euroguneko banku eta aurrezki kutxek uztailean igaro zuten Europako Banku Agintaritzak kaudimen gaitasuna neurtzeko prestatutako estres azterketa. Oro har, emaitza txukunak lortu zituzten, finantza erakunde gehienek gainditu zutelako proba. Bi hilabeteotan, ordea, okertzera egin du banku sektoreko egoerak, erakundeen diru premia egunetik egunera handitzen ari da, eta beharrezko duten kapitala haien eskura jarri ezean, batek baino gehiagok porrot egin dezakeela uste du komisarioak. «Kutsatzea ekiditea ia ezinezkoa litzateke, gainera, Alemaniaren aberastasuna euro egonkor batean eta bazkide egonkor batzuetan oinarritzen delako». Beraz, datozen egunak euroaren egonkortasuna bermatzeko bidean oso garrantzitsuak izango direla esan zuen Rehnek. Haren irudiko, datorren astean, Europako Batasuneko finantza ministroak biltzen direnean aztertuko dute bankuak birkapitalizatzeko kontua.
Euroaren eremuko gobernuek beste bost edo sei aste beharko dituzte erreskate funtsa zabaltzeko planaren hari guztiak lotzeko. Hala ere, proiektua benetako egitea zaila eta nekeza izango dela uste du BBCk.
Rehnek erreskate funtsa zabaltzeko aukera mahai gainean jartze hutsak eragin zituen aurreneko erreakzioak, eta denak ez ziren proiektuaren aldekoak. standard & Poors AEBetako rating agentziaren arabera, esaterako, funtsa zabaltzeak jaitsi egingo luke euroaren eremuko herrialde indartsuenen zorraren kalifikazioaz. Abisua, Alemaniarentzat eta Frantziarentzat izan da batez ere. David Beers S&P-kalifikazio subiranoen taldeko arduradunaren ustetan, oraindik oso goiz da jakiteko Europako agintariek nola indartuko duten Europako Finantza eta Egonkortasun Funtsa eta horrek zeintzuk ondorio eragin ditzakeen kredituaren kalitatean. Erreskate funtsari mugarik ez jartzea akats bat izango litzatekeela adierazi zuen Beersek eta merkatuak lasaitzeko murrizketa neurriak hartzen jarraitu beharko dutela jakinarazi dien euroaren eremuko herrialdeei.
Grezia, zain
Iragan ostegunean eta ostiralean egindako bileren ostean, atzo berriz batzartu ziren Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroa Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko burua. Atenasek nazioarteko ikuskariekin adostutako neurri guztiak indarrean sartzeko erabateko borondatea duela baieztatu zuen Venizelosek, eta baitaindarrean lehenbailehen sartuko dituela ere. Esanak esan eta aginduak agindu, ekintzak dira EBko gainontzeko herrialdeek ikusi nahi dituztenak, eta ordura arte iazko maiatzean hitzartutako 110.000 milioi euroko erreskatearen seigarren zatia ez zioela emango esan zioten Atenasi, irailaren hasieran.
Joan den astean, Greziako Gobernua eta nazioarteko begiraleak ezinbesteko neurri horietako batzuk nola indarrean jarri eta erreformak nola egin pentsatzen hasiziren. Eta horretan jarraituko dut datozen egunetan ere. Troikak Greziak iragarritako murrizketa neurri berrien inguruko txostena prestatzen duen bitartean, EBko zenbait agintarirekin biltzekoa da Yorgos Papandreu lehen ministroa, herrialdearen asmoak zeintzuk diren argi eta garbi adierazteko. Gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerra konbentzitzeko txanda izango du Papandreuk. Merkelen hitzak EBn eta eurogunean duen garrantzia kontuan izanda, berea txukun defendatzen saiatu beharko du Papandreuk.
Dena dela, pazientziaz hartu beharko du Greziako lehen ministroak, gutxienez, urriaren 3ra arte ez baitiote jakinaraziko porrotetik salbatzeko ezinbestekoak dituzten 8.000 milioi euroak jasoko dituzten ala ez. Uztailean EBko, EBZko eta NDFko ordezkariek Greziako Gobernuarekin adostutako bigarren erreskatearen eta egonkortasun funtsa zabaltzeko neurriak aste honetan bozkatuko dituzte EBko herrialdeek.
Europako egonkortasun funtsa indartzea aztertzen ari da eurogunea
Erreskate funtsa zabaltzeko eta tresna horren kudeaketa hobetzeko zenbait bilera informal egin dituela onartu du BruselakGreziari astelehenean esango diote erreskatearen seigarren zatia jasoko duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu