Hortxe-hortxe egon da Espainiako Gobernua Europako funtsekin estropezu bat izateko. Gaur bozkatu da Diputatuen Kongresuan administrazioaren erreformarako lege dekretua, zeinak helburu duen arinago eta hobeto kudeatzea Batasunaren Next Generation programatik datozen funtsak. Eta ustekabekoren bat izan da.
Pedro Sanchezen gobernuak atzo arte espero zuen tramite erraza izango zela gaurkoa; halako bozketetan orain arte izan dituen babesleek oniritzia emango ziotela dekretuari. Baina ERCk atzo arratsean jakinarazi zuen ez ziola babesik emango erreformari, kontrako botoa emango zuela. PPren aurkakotasuna ere jakina zen, Ciudadanosek ere kontrako botoa iragarri du, eta gobernuak larri ikusi du bere burua. Azkenean, EAJren, EH Bilduren eta Mas Pais-Equoren aldeko botoekin eta Voxen abstentzioari esker egin du aurrera lege dekretuak.
Hori bai, zorrotz kritikatu dute, baita hura babestu duten oposizioko alderdiek ere. EAJk esan du dekretua ez duela gustuko, baina «erantzukizunagatik» bozkatu duela baietz, eta gobernuari ohartarazi dio berak ere arduraz jokatu beharko lukeela. «Arauak idaztean gehiengo absolutua bazenute bezala jokatzen duzue, inor kontuan hartu gabe. Eta gero, azken orduan, babes bila etortzen zarete», leporatu die Idoia Sagastizabal parlamentario jeltzaleak PSOEri eta Espainiako Gobernuari.
«Aldatu txipa. Ekarri aurretik hizketatu eta adostu dekretuak; horrela soilik saihestuko dituzue azken orduko larritasunak». Sagastizabalen arabera, «ezin zaio beti alde berari eskatu amore emateko, nire taldearen pazientziak ere muga duelako». EAJk uste du lege dekretuarekin dituen erresalbu guztiek konponbidea izan dezaketela lege proiektu bidez, edo baita erkidegoak biltzen dituen sektore konferentziaren erregelamenduan ere.
EH Bilduk ere baiezko botoa eman dio lege dekretuari, Espainiako Gobernuarekin adostu ondoren «gardentasun eta kontrol handiagoa» izango dela Europako laguntza horiekin; auditoria bidez erraztuko zaiela eragile sozialei «orain arte ukatzen zitzaien parte hartzea». Adostutako bigarren puntua udalen finantzaketa handitzea izan da, «herritarren ongizatea hobetzeko». Oskar Matute EH Bilduko parlamentarioak azaldu duenez, «gure taldeak aurretik ere esana du ez datorrela hona adierazpenak egitera soilik, baizik eta eragina izatera eta erabakigarria izatera etorri dela. Eta EH Bilduren bost botoak erabakien eremuan egon dira».
ERCk ezezkoa eman dio lege dekretuari, Gabriel Rufianen esanetan, «Florentino Perezentzat idatzia dagoelako».
Talde parlamentario gehienek kritikatu dute lege dekretuarekin onartu diren administrazio egitura eta gobernantza erabat «zentralistak» direla, eta Europako funtsen kudeaketan ez diela inolako tarterik uzten erkidegoei eta tokiko erakundeei. Orain, funtsen gobernurako organo gorena Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Batzordea izango da. Batzorde hori soilik Espainiako Gobernuko kideek osatuko dute: lau estatu idazkaritzak (Ekonomia, Ogasuna, Aurrekontuak eta Gizarte Eskubideak), Ogasun Ministerioaren Europako Funtsetarako zuzendaritzak eta Presidentziako ekonomia bulegoak.