Europako agintariek kosta ahala kosta eragotzi nahi zutena iritsi da: aurrekontuetako diziplina ezartzen duen Europako itun berriari buruzko erreferendum bat. Gainera, Irlandan izango da, 2002an Nizako Itunari eta 2008an Lisboako Itunari ezezkoa eman ondoren agintariek diseinatutako arkitektura guztia auzitan jarri zuen herrialdean bertan.
Enda Kenny buru duen Dublingo gobernuak berak ez zuen galdeketarik nahi, baina Fiskaltza Nagusiak behartu du horretara, ebatzi baitu itunak Konstituzioa aldatuko duela, eta, hortaz, herritarrei galdetu behar zaiela. Noiz izango den Erreferendumaren Batzorde batek erabakiko du.
Galdeketan «baiezko indartsua» eskatuko du Kenny kontserbadoreak. Haren aliatu laboristek ere aldeko botoa galdegingo dute, Eamon Gilmore lehen ministrordearen hitzetan, itunak «kasinoen kapitalismoarekin» bukatuko duelakoan. Ezezkoaren aldeko kanpaina egingo dute, berriz, Sinn Feinek eta ezkerreko beste alderdi txiki batzuek.
Kasu honetan, ez dirudi balizko ezezko batek ituna bertan behera utziko lukeenik, borondatezkoa baita. Erresuma Batua eta Txekiar Errepublika, esaterako, kanpoan geratu dira. Baina itunaren aurkako mugimendua eragin dezake beste herrialde batzuetan, iragarri ezin diren ondorioekin.
Irlandari berari sor diezaizkioke arazo gehien, ezingo lukeelako Europako Egonkortasun Mekanismoaren (ESM) funtsik jaso. Irlandak nazioarteko maileguak behar ditu bere burua finantzatzeko. Atzo bertan Nazioarteko Diru Funtsak 3.230 milioi euro utzi zizkion, 2010eko abenduan agindutako diruaren bosgarren zatia. 2011rako jarritako helburuak bete dituela esan du NDFk.
Europako itun berriari buruzko erreferenduma egingo du Irlandak
Galtzeko beldur zenez, Dublingo gobernuak ez zuen egin nahi, baina egitera behartu du Fiskaltza Nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu