Hasi da Europako diru laguntzen banaketa. Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak jakinarazi du REACT-EU programatik jasoko dituen 10.000 milioi euroak nola banatuko dituen autonomia erkidegoen arabera. Euskal Autonomia Erkidegora 426 milioi bideratuko ditu, eta Nafarroara, 148 milioi, datozen bi urteetarako.
Diru laguntza horiek lehentasunez, hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak indartzeko erabiliko dira, baita COVID-19aren krisiagatik kaltetutako enpresa txiki eta ertain eta autonomoei laguntzeko ere.
Egun indarrean dauden Europako Batasunaren kohesio programen bidez banatuko dira laguntzak, Espainiako Gobernuak zein autonomia erkidegoetakoek kudeatzen dituztenak: adibidez, eskualdeen garapenerako funtsaren bidez eta Europako gizarte funtsaren bidez. Horien bitartez enplegua sustatzen da, bereziki gazteenen artean, eta enpresa txiki eta autonomoak laguntzen dira.
Horrez gain, osasun sistemako lehen mailako arreta indartzeko eta osasun teknologiak berritzeko erabiliko dira laguntza horiek. Kasu horretan, Osakidetzak eta Osasunbideak garatuko dituzte planak.
REACT-EU funtsa Europako Batzordeak aurtengo uztailean onartutako laguntza sorta zabalago baten parte da. Guztira, 750.000 milioi euro dira. Kopuru horretatik 140.000 milioi dagozkio Espainiari, eta horren parte dira atzo erkidegoen artean banatutako 10.000 milioi euroak. Sorta zabal horren barruan dago, halaber, Next Generation plana, egitasmo ekonomikoak bultzatzekoa: 76.724 milioiko aurre esleipena lortu du Madrilek. Autonomia erkidegoek euren proiektuen zerrendak aurkeztu behar dituzte orain: Eusko Jaurlaritzak astearte honetan ezagutaraziko ditu bereak.